Berezkoak Binakakoa
Galdu arren, Sorhuetek eta Etxetok maiatzaren 2an Modernen jokatuko den finalerako txartela lortu dute
Jon LEUNDA | MAULE
Ezustea eman zuten atzo Etxeberrik eta Harizmendik Sorhuet eta Etxeto menderatuta. Halere, finalera zuzenean sailkatzeko hamabi tantoko aldearekin irabazi behar zutenez, azkenean Sorhuet eta Etxeto izango dira finala zuzenean jokatuko duen bikoa. Etxeberri eta Harizmendik, aldiz, finalerdia jokatu beharko dute.
Partida bera polita izan zen, berdinketa ugarirekin, baina orokorrean faboritoak, Sorhuet eta Etxeto, alegia, joan ziren aitzinetik ia gehienetan. 37-37 berdindu ostean, Etxetok norgehiagoka fite amaitu nahi izan zuen. Finalerako txartela lortuta zuten, eta hiru huts handi egin zituen, eta amaieran garaipena erdietsi ahal izan zuten Etxeberrik eta Harizmendik. Biko honek norgehiagoka bikaina egin zuen, eta denetan onena gainera, Andde Etxeberri izan zen.
Ondoren, aparteko garrantzirik ez zuen neurketa jokatu zuten, izan ere, bi bikoek ez zuten aurrera egiteko aukerarik, eta jokoan azkena ez geratzea zuten helburua. Larretxea-Lazkanok 40-22 irabazi zieten Bielleri eta Ducassouri. Azken unean Bixente Lazkanok ordezkatu zuen Agusti Waltari, kubatarrak min hartu baitzuen, eta ezin izan zuen aritu. Partida polita izan zen hogeigarren kintzera bitarte, baina hortik aurrera garaileek nahi bezala eraman zuten partida. Markagailuak honela egin zuen aurrera: 1-1, 2-2, 9-9, 13-13, 21-13, 29-15, 36-21 eta 40-22. Ligaxka amaituta, honela geratzen da lehiaketa: Sorhuet-Etxeto, maiatzaren 2an jokatuko den finalerako sailkatuta geratu dira. Etxeberri-Harizmendik eta Ibarrola-Ozafrainek elkarren aurka finalerdia jokatuko dute datorren larunbatean. Larretxea-Waltari eta Bielle-Ducassou, kanpoan geratu dira.