Aizkora Urrezko lehiaketa
Arkaitz Jauregik ezustea eman, eta ligaxkan sartu da
Antonio Senosiain izan zen onena, eta hura ere bigarren fasean arituko da.
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Arkaitz Jauregik eman zuen atzo ezuste nagusia, eta arabarrak Urrezko Aizkorako ligaxkan sartzeko txartela lortu zuen. Bi postu zeuden atzo lehian, eta Ilarduiakoak bigarren amaitu zuen Senosiainen atzetik.
Zortzi aizkolari lehiatu ziren atzo Altsasun lehen fase honetako azkeneko ekinaldian, eta jendeak ere erantzun bikaina eman zuen, harmailak ia bete egin baitziren. Saria ere ez zen makala, bi onenek ligaxkan sartzeko aukera baitzuten.
Lanak laburrak ziren, denak denen aurka, eta lehenik bi enbor eta gero beste bat moztea besterik ez zen. Horrelakoetan ez da faboritorik egoten, eta atzo garbi ikusi zen, Arkaitz Jauregik onenen artean burua sartzea lortu baitzuen.
Hala ere, onena, Antonio Senosiain izan zen. Olaguekoak proba guztiak bereganatu zituen, eta atzoko lehen postua beretzat izan zen. Lan labur hauetan primeran moldatzen da, eta atzo ere argi eta garbi ikusi zen. Jauregik ere lan bikaina egin zuen, eta bigarren postuan amaitu eta ligaxkako bigarren txartela eskuratu zuen.
Rekondok amaitu zuen hirugarren, eta lehen ordezkoa izango da. Gauzak nola zihoazen ikusita, bera ikusten zen aurrera egingo zuen bigarren aizkolari bezala, baina azkenean Jauregirekin galdu egin zuen. Ugarteburuk amaitu zuen laugarren, eta bera izango da bigarren ordezkoa. Hauen atzetik, Mugertza I.a, Etxeberria, Erasun eta Vicente sailkatu ziren. Otsagabiakoa izan zen atzoko beste ezustekoa. Beretzat ere lan hauek egokiak dira, baina ez zuen egun ona izan eta azkeneko postuan amaitu zuen.
Beraz, lehen fasea amaitu da, eta orain abiatuko da ligaxka. Datorren igandean izango da Leitzan, Mindegiaren eta Azurmendiren arteko demarekin. Lau multzotan banatuta arituko dira, eta bakoitzean hiru aizkolari izango dira. Lehenengo multzoan, Nazabal, Atutxa eta Zubiaga arituko dira. Bigarrenean, Olasagasti, Mindegia eta Azurmendi. Hirugarrenean, Arria V.a, Arrospide eta Jauregi, eta azkenekoan, berriz, Larretxea, Lopez eta Senosiain I.a.
Dena dela, aizkolari batzuk arazoekin dabiltza, eta litekeena da astean zehar aldaketa batzuk izatea. Arazoekin dabilenetako bat Olasagasti da, eta igeldoarraren parte hartzea zalantzan zegoela adierazi zuten atzo Egur Sport enpresatik.