Harri-jasotzea Marka saialdia
Josetxo Urrutiak marka handia ezarri du, bost minututan 163koa sei aldiz jasota
J.L. | DONOSTIA
Josetxo urrutiak erronka handia zuen atzo Hendaian, baina ongi bete zuen bere helburua, 163 kiloko zilindro zaharra sei aldiz jaso baitzuen bost minututan. Leitzarrak marka pertsonala egin nahi zuen, bere pisua bi aldiz eta arroba bat gehiago pisatzen duen harria jaso nahi zuen, eta helburu hori aise lortu zuen.
Egin beharreko berotze ariketak egin ostean heldu zion harriari nafarrak, eta lehen jasoaldia 11 segundotan eman zion. Bigarren jasoaldia minutu batean eman zion. Marka eginda zeukan, baina berak ahal zuen marka onena egin nahi zuen, eta lanean jarraitu zuen. Hirugarren jasoaldia, 2 minutu eta 2 segundotan eman zion. Laugarrena, berriz, 2 minutu eta 55 segundotan; bosgarrena, 3 minutu eta 55 segundotan eta azkenengoa, 4 minutu eta 50 segundotan. Artean hamar segundo geratzen ziren arauzko denbora betetzeko, baina ez zegoen gehiagorako tarterik, eta hortxe eman zuen amaitutzat bere jarduna.
Dudarik gabe marka handia egin zuen, eta meritua ere badu, 75 kilo soilik izanik, atzo astindu ederra eman baitzion 163 kiloko harriari.
Marka saiakerak, ordea ez ziren hor amaitu. Xabier Ostitz lapurtarrak ere egin zuen berea; 163 kiloko koadroa hiru aldiz berdindu zuen bizkarrean, bost minutuko txanda bakar batean. Laugarrena ere eman zion, baina ustela izan zen, eta ezin izan zuen besterik egin. Dena dela, urte bat darama harriak jasotzen, eta marka politak egiten ari da.