GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Sei eta hamabi urte arteko espetxe zigor eskaera, frogarik gabe atxilotu ostean

«Hemen, zoritxarrez, direnak eta ez direnak entzuteaz ohitu egin gara eta ez gaitu ezerk harritzen. Baina ikaragarrizko astakeria da», adierazi dute Apalategik, Iberok eta Lamarkak, gazteen aurkako sarekadetan espetxeratuak izan eta berriki askatu dituzten hiru donostiarrek.

p016_f01_26892.jpg

Gari MUJIKA |

«Amorru handiena ematen didana zera da, gehiena gezurretan oinarritzen dela, froga hutsal-hutsalekin, eta gizartearen zati handi batek sinetsi egiten duela, aurretik jada epaitu gintuztelako», azaldu dio GARAri Peio Lamarka gazteak, Beñat Apalategi eta Ekaitz Ibero gazte donostiarrekin batera martxoaren 20an aske gelditu zen añorgarrak. 10.000 euro ordaindu zituzten hirurek eta zaintza-neurriekin daude aske, 2007ko urrian hasi eta abenduan amaitu zen sarekadan atxilotu eta espetxeratu ondoren.

Lamarka eta Ibero Donostian atxilotu zituen Polizia espainolak 2007ko urrian, eta Apalategi, aldiz, beste hamabost donostiar bezala, Auzitegi Nazionalaren inguruetan atxiki zuten, Grande-Marlaska epaileak hartu nahi ez eta Madrila iritsi bezain laster. Hirurek kasik urte eta erdi eman dute preso kartzela espainoletan sakabanaturik. Dagoeneko, gainera, Segi gazte erakundeko kide izatea egotzita sumario batean auzipetuta daude; fiskalak oraindik eskaera egin ez duen arren, sei eta hamabi urte arteko espetxe zigorra jaso lezakete. Beste hamabost gazte donostiar ere egoera berean daude.

Atxilotu zituzten uneaz galdetuta, Iberok honakoa azaldu du: «Nik niri ez zitzaidala gertatuko uste nuen, gertatu zaidan arte». Atxiloketa unea eta atxiloketa aldia ere «oso gogorra» izan zela nabarmendu dute Lamarkak eta Iberok, atxiloketa bortitzak izan zirela gogora ekarriz. «Gurasoei ez zieten nirekin egoten utzi inkomunikatuta nengoela ziotelako. Eta zentzurik gabeko gauzak eramaten hasi ziren: Donostiako Piraten kamiseta bat, musika talde bateko kamisetak, pegatina bat...». Zertarako bada?

Hamar egun inkomunikaturik

Apalategik ematen du erantzuna: «Nire etxetik, adibidez, `palestino' bat eta amarenak diren zapi batzuk eraman zituzten. Gero prozesatze autoa jasotzean zera irakurtzen duzu, etxean kale borrokan ohikoak diren zapiak nituela. Eta amarenak dira! Ikaragarria da, sekulako astakeria».

Epailearen aurretik igaro ostean, gainera, beste bost egun izan zituzten inkomunikaturik espetxean Lamarka eta Ibero. «Hamar egun arropa berarekin, bizarrik moztu gabe, garbitu gabe, eta lur jota zaudela», gaineratu du Iberok. Dena den, espetxean ezagututako euskal herritarrengandik izugarrizko eta ezinbesteko laguntza jaso zuela azaldu du.

Mehatxuak eta kolpeak jasan arren, batik bat psikologikoki torturatu zituztela nabarmendu dute; «Euskal Herrian komisarietan zenbat astakeria gertatu diren jakinda, beldurra hezurretaraino sartzen zaizu. Torturatu zaitzaketela jakite hutsa, arrisku hori sentitze hutsa ikaragarria da», esan du Lamarkak. Komunikabideek sarekada honetan eta gainerakoetan izandako jarrera gogor kritikatu dute hirurek, aurrez kriminalizatzeaz gain, gizartearen aurrean atxiloketak justifikatzeko erabiltzen dituztelako. «Bin Laden baino gaiztoagoak garela dirudi», dio añorgarrak, gero, gainera, «pelikula hori» auto judizialean islatzen dela gehituz.

«Normalena frogak izanda atxilotzea izango litzateke, baina hemen lehenengo atxilotu egiten zaituzte eta gero hasten dira frogak bilatzen», salatu dute hiru gazteek.

Gazteen aurkako polizia sarekadak salatzeko manifestazioa izango da Donostian larunbatean

Orain urte eta erdi Donostian Auzitegi Nazionalaren aginduz Polizia espainolak egin zuen operazioaren ondotik hogeita sei gazte atxilotu zituzten. Hamaika, gauez eta etxera bila joanda atxilotu zituzten, eta beste hamabost 2007ko abenduan, Madrilen, Marlaskaren aurrera zihoazenean. Donostian bezala, herrialde guztietan izan dira horrelako sarekadak 2007ko ekainaz geroztik.

Horiek horrela, gazte independentisten aurkako sarekadak salatzeko, horien ondotik gazteen aurka abiaturiko kriminalizazioa errefusatzeko eta oraindik ere preso dituzten hamar gazte donostiarrak aske utz ditzaten exijitzeko manifestazioa egingo da larunbat honetan, hilak 25, Donostian, 19.30ean Bulebarretik abiatuta.

Asteartean, Altzan, amnistiaren aldeko mugimenduak eta hainbat senidek prentsa agerraldia egin zuten larunbateko manifestaziorako deia eginez. Izan ere, bertakoak dira Adur Fernandez, Urko Labaka, Jon Imanol Igal eta Unai Perez preso donostiar gazteak. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo