«Federazio guztiekin ondo konpondu nahiko nuke, baina beti gure ideiei jarraituz»
Euskadiko Euskal pilota Federazioko presidentea
Txema Aldamiz Etxebarriak utzitako kargua hartu du duela gutxi Xabier Errasti pilotari ohiak. Oraindik lurreratzen dagoela aipatu eta lana aurrera ateratzeko «asmoak eta gogoak» dituela nabarmentzen du azkoitiarrak. Helburu nagusia hemendik lau urtera balorazio positiboa egitea da.
Imanol CARRILLO |
Komunikabideetarako elkarrizketak eta adierazpenak eskaintzen dabil Xabier Errasti egun hauetan. Tartea egin digu bere helburuei eta, orokorrean, Federazioari buruz hitz egiteko.
Nola daramazu zure kargu berria?
Lurreratzen nago oraindik, baina gai guztiak nahiko nukeen erritmoan eramateko denbora-falta dagoela ikusten dut. Egunak joan ahala, gehiago menperatzen dudanean, errazago egingo zaidala uste dut.
Nola aurkitu duzu Federazioa?
Diruak eragin handia duela ikusten ari naiz. Aurrekontu handiago batekin gauza gehiago egin litezke. Alde horretatik, ezintasuna nabaritzen dut. Orain egin behar dugun lehendabiziko gauza urte honetarako aurrekontua prestatzea da.
Zeintzuk dira helburu nagusiak?
Hemendik lau urtetara, balorazio bat egiten denean, balorazio hori positiboa izatea gustatuko litzaidake. Bestalde, presidente izateko pausoa ematerakoan, jendeari galdetzen hasi ginen, eta denek berdina esaten ziguten: Euskal Federazioa urrutiko erakundetzat hartzen zutela, jende askok ez zekiela haren funtzioa zein zen. Beraz, gure lurraldeko jendearekin eta gainerako presidenteekin elkarrekiko komunikazioa lantzea oso garrantzitsua da.
Pilota afizionatua hedabide tematiko berrietara egokitzea aipatzen duzue zuen lan programan...
Telebistan toki bat aurkitzea oso zaila da. Gero eta kanal pribatu eta publiko gehiago sortzen ari dira partidak grabatu eta saltzeko. Beraz, pilotak kanal horietan bere lekua izateko lana egin behar dugu.
Pilotarien kirol prestakuntza kontrolatzea duzue helburuen artean, ezta?
Pilotan jokatzen nuenean, bakoitzak bere bitartekoekin egin behar zuen esfortzu proba. Fitxarekin batera, osasun kontrol minimo bat egotea gustatuko litzaidake. Hau dena, ordea, aurrekontuaren arabera egin behar da. Ikertuko dugun arloa da.
Zein da momentu honetan beste federazioekiko harremana?
Nafarroakoarekin eta Iparraldekoarekin harremanak izan ditugu, baina Errioxakoarekin eta Estatu espainolekoarekin ez.
Honez gain, Iparraldearekin hartu-emanak hobetu daitezke. Denekin ondo konpondu nahiko nuke, bai federakuntzan eta bai bizimodu normalean. Beraz, ondo eramaten saiatuko gara, baina beti gure tokian mantenduz eta gure ideiei jarraituz.
Zeintzuk dira, zure ustez, mantendu beharreko gaiak?
GRAVNak, eliteak eta euskal liga indar handiko txapelketak dira. Ez dut horiek kendu eta beste formula bat aurkeztearen beharrik ikusten, epe motzera begira, ez behintzat.
Beraz, aurreko presidenteak lan ona egin duela esan al daiteke?
Txemak -Aldamiz Etxebarriak- lan handia egin du Federazioak indarra izateko pilotan. Oso paraleloan joan da Munduko Pilota Batzarrak egin duen lanarekin. Honez gain, Nafarroako eta Errioxako federazioekin elkarlanean aritzea lortu du eta bide hori ondo sendotu duela aipatu beharra daukat.