«No Popcorn on the floor»: krispetarik gabeko aretoen eskaera
Gaël Moccar baionarrak zuzendu du hiriko Atalante zinema aretoan grabatu «No Popcorn on the floor» filma. Apirilaren 29an aurkeztuko da Ipar Euskal Herrian eta bezperan aurrestreinaldia izanen da Angelun.
Idoia ERASO | BAIONA
Duela lau urte grabatu «No Popcorn on the floor» filma, munduko zinemaldi eta areto alternatiboetan zehar ibili ostean, heldu den astean estreinatuko da Ipar Euskal Herrian eta Estatu frantsesean. Kontinente ezberdinetan egindako ibilbideak posible bihurtu du orain areto komertzialetan agertu ahal izatea. Emanaldiz emanaldi osatu da ibilbidea, beti azaldu izan baita norbait filma beste norabait eramateko eskaintza eginez. «Oso bide luzea izan da, hasieratik orain arte. Lau urtez egon gara, zinema aretoetan estreinatu ahal izan arte», azaldu zuen Garbisu protagonistak.
Filmak zinema komertzialetik kanpo dagoen zinemagintzaren erakustoki bihurtzen diren aretoen borroka erakusten du, garaian Baionako Atalante aretoko zuzendaria zen Ramuntxo Garbisuren bitartez. Dokumental formatuan sailkatzen bada ere, harantzago daraman ikuspegia eskaintzen du krispetarik gabeko film honek.
Gaël Moccar hamasei hilabetez egon zen Atalante gelan egunero grabatzen. Denborarekin egin film honek denboraren baitan azaltzen diren egoera ezberdinak erakusten ditu, «gelak hutsik zeudenekoak ere bai», nabarmendu zuen Garbisuk.
Azkenean lau film egiteko adina material bildu zuen zuzendariak. Kanpoan geratu diren irudietako batzuk ikusteko aukera izanen da prestatzen ari den DVDan. Urtebete behar izan zuen Mocaërrek irudi guztiak muntatu ahal izateko.
Protagonistak filma definitzeko, honakoa esan zuen: «Areto txiki eta alternatiboei eskaintzen zaien hil kantua». Lan honek alde tragikoa oso nabaria baldin badu ere, filma ikusi duten guztiek umorea nabarmendu dute kontakizunaren lengoaian. Garbisuk emanaldi guztietan barreak egoten direla azaldu zuen, nahiz eta tokiaren arabera ez diren aldiro momentu beretan izaten.
Baionatik mundura
Garbisuk filmaren lengoaiaren «unibertsaltasuna» agerian jarri zuen. Toki guztietan helarazi nahi den mezua ulertua izateaz gain, paralelotasunak antzeman baitituzte ikusleek. Izan ere Amerikan bezala Europako hainbat herrialdetan izan da aurkeztua. Irailean Polonian aurkeztuko dute eta Ukrainian emanaldiak egiteko negoziaketetan ari dira.
Produktoreak Canneseko jaialdian ezarritako erakusmahai txiki batek jarri zuen filma Txileko Atacama lurraldera bidean. Zinema areto bateko arduradunari gustatu zitzaion, filma erosi eta gaztelaniaz azpititulatu zuen. Horrek gaztelaniadunen merkatua ireki zion, Biarritzeko zine latinoamerikarraren jaialdira, hain zuzen ere. Eta ondorioz Bilbon aurkeztua izan da «Popcorn gabeko denboraldia» izenarekin. Berriz ere Bizkaiko hiriburura bueltatzeko aukerak badaudela aipatu zuen Ramuntxo Garbisuk. Lakuako Gobernuarekin elkarlanean euskarazko azpitituluak egitea ere aurreikusten dutela adierazi zuen filmeko protagonistak.