GARA > Idatzia > > Kultura

Kafearen inguruan bizitzari bistadizoa, Uxue Alberdiren «Aulki-jokoa» liburuan

Ane ARRUTI | DONOSTIA

Sentimenduak dira nagusi Uxue Alberdi elgoibartarraren bigarren liburuan. Ustez kontatzeko ezer ez daukaten 80-95 urte bitarteko hiru emakumeren oraingo eta gazte edo umetako kontuak korapilatzen ditu «Aulki-jokoa» (Elkar) nobelan. «Bizitzaren metafora bat da aulki-jokoa: arratsaldero kafea hartzeko geratzen diren gozotegian bakoitzak bere tokia dauka. Bat hiltzen denean, ordea, aulki hori libre geratzen da eta zerbitzariak zutik dagoen gazte bati ematen dio eser dadin», azaldu zuen idazleak atzo Donostian egindako aurkezpenean.

Maitasunaz, gerraz, askatasunaz edo errebeldiaz mintzo da liburua. Alberdi kostaldeko herri txiki bateko emakumeekin solasean aritu da horretarako, Getarian, hain zuzen. Hala ere, eleberrian «ez daude entzundakoak, testuingurua behar nuen. Tren geltokietan ezin da literaturarik idatzi. Literatura treneko eserlekuetan idatzi behar da», azaldu zuen, «pertsonaietan zentratu naiz, haien sentimenduetan, bizipenetan, elkarrizketetan». Ahozko hizkerak garrantzia handia hartzen du eta freskotasuna ematen dio kontakizunari.

Duintasunaz ere hitz egin nahi izan du Alberdik eleberri honetan. Hala dio liburuko pasarte batean: «Inork ez luke galtzetan pixa eginda hil nahi. Biluzik hiltzea baino okerragoa da hori, duintasun-izpirik gabe. Nik nola hil nahi dudan galdetzen didatenean, `lore moreak dituen soinekoa jantzita' erantzuten dut. `Daukadan politena da'».

Liburu eguna dela-eta, gaur eguerdian, 12.00etatik aurrera Donostiako Gipuzkoako enparantzako Elkarren salmahaian izango da liburua sinatzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo