Pako Aristiren gidoiaren irakurketa dramatizatua, «produktua saltzeko asmoz»
A. A. | DONOSTIA
Euskaltzaindiak eta BBK-k banatzen duten Toribio Altzaga Antzerki Saria 2008 irabazi zuen Pako Aristik «Josu Dukatiren proposamena» gidoiarekin. Lan hori bere horretan gera ez dadin eta irteera bat ematearren, irakurketa dramatizatu bat burutuko dute gaur arratsaldean, Donostiako Ernest Lluch kultur etxean. Ane Gabarain, Kandido Uranga eta Patxi Santamaria aktoreek parte hartuko dute 19.30ean hasiko den irakurketa horretan. Hainbat antzerki konpainia eta zinema ekoizle gonbidatu dituzte ekitaldira, baina sarrera irekia izango da. Antolatzaileen esanetan, «bukatu gabeko produktuen feria moduko bat» da, «gidoi edo produktu hori saltzeko».
Istorioa galdeketa gela batean gertatzen da. Josu etakidearen eta Antton Ertzaintzako buruzagiaren artekoa ez da galdeketa hutsean geratuko, bi lagun eta etsai zaharren arteko topaketaren eta paktu politiko baten proposamenaren lekuko izango da ikuslea.