GARA > Idatzia > Iritzia > Azken puntua

Amagoia Mujika kazetaria

Euskalduntzea nahi bada, zortzi urte gutxienez

Lasaiago nago, askoz lasaiago. Patxi Lopezek euskara ikasiko duela esan du. Ibarretxek ere ez zekien eta begira nola moldatzen den. Bai, horixe, zortzi urteren buruan, Lopez ere, euskaldun. Bai, bai, lau urte ez dira nahikoak. Hortxe dugu Juan Joseren adibidea. Euskalduntzea nahi badugu, behinik behin, zortzi urte gutxienez.

Eta horrela, mantso baina seguru, lortuko dugu halako batean gure herria euskalduntzea, lehendakariz lehendakari. Hori bai, erritmo horretan... Baina, tira, ez gaitezen presatiak izan. Eta, noizbait, Euskal Herriko lehendakari guztiek ulertzen badute lehendakari izatekotan ez dagoela batere gaizki euskaraz jakitea, bada, primeran. Imajinatzen? Bizilagunen elkarteko lehendakaria; Dantza latindarren elkartekoa; Seat 127 autoen elkartekoa; Bi gurpileko patinen klubeko lehendakaria; Lau gurpilekoen elkartekoa; 30 urtez azpikoen elkarte gastronomikokoa; Lehendakarien elkarteko lehendakaria... guztiak, euskaldun. Ez dut uste beste inon gure herrian adina lehendakari dagoenik.

Horregatik nago lasaiago. Tira, horregatik eta “Gabilondo Aingeru” Hezkuntza ministro espainolak azken egunotan egin duenagatik. Estatuko Hezkuntza Ministerioaren webgunean Angel Gabilondo donostiarraren jardunaren berri euskaraz ere eman dute. Zergatik? Akaso euskaraz ere badakitela erakusteko? Ez dut uste, itzulpena erabat aldrebesa delako. Mezua –nire alderdirik baikorrena eta inuzenteena gailendu zait gaur– bestelakoa da: Hezkuntza Ministerioak ez daki euskaraz, baina ikasi egin nahi du, ezta? Hartara, lehendakariez gain, ministroek eta sailburuek ere euskaraz ikasten badute, konturatzerako, herri hau euskaldun. Di-da. Egia esan, euskarak espainola zapaltzen duen herria izateko, zenbat daukagun egiteko oraindik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo