GARA > Idatzia > Iritzia > Hemeroteka

Santi Leone

Konkistaren oroimena, oroimenaren konkista

ARGIA

(...) aldez aurretik prestaturiko teoriek hori baitute ona, egoera zein dela ere beren eskemetan moldatzea erdiesten dutela. Nafarroako historiarekin antzeko zerbait gertatzen da. Nafarroaren betidaniko espainiartasuna aldarrikatu izan dute historialari profesional zein erdipurdikoek. Espainiartasun hori, jakina, Patxi Lopezen benetako balio demokratikoa bezala, historiari ezarri behar zaion teoria da, eta ez historiatik sortzen den teoria.

Gure historiaren azalpen horretan, beraz, Nafarroaren konkista gertakari pozgarria eta, aldi berean, saihestezina da. Konkista, azken buruan, historiaren trikimailua bertzerik ez da: komentatzen ari naizen metanarrazio espainolista horren arabera, konkistaren bidez izan ez balitz, bertze modu baten bitartez eginen zukeen bat Nafarroak Espainiarekin, noraezean. Hortaz, errealitate historikoan egindako krudelkeria guztiak gorabehera, konkista gertakari pozgarria da (...).

Zeren, konkistaren ospakizunak prestatu behar dituen batzordean munduko historialari guztiak bilduta ere, ideologiaren kontua baita Nafarroako Gobernua antolatzen ari dena. (...) Ez da ikerketa berririk martxan jarriko. Heldu diren ospakizunak ideologikoak izanen dira, baina ez soilik iraganari begira. Gaurkoari begira ere berdin funtzionatuko dute, zeren, historiaren memoria zehatz bat ezartzeaz gain, memoria horren bidez ados ez gaudenok baztertzea, iraintzea eta arbuiatzea baitute helburu. Memoria iragana eta oraina elkarrekin uztartzen dituena baldin bada, Nafarroako Gobernuak ez du konkista oroitu nahi, oroimena konkistatu nahi du. Iraganaren irudi zehatz bat inposatu nahi du, eta irudi horrekin ados ez daudenak ahotsik gabe utzi nahi ditu. Iragana eta oraina bere egin nahi ditu UPN, CDN eta PSNren gobernuak (...).

Argi dago, beraz, erantzun beharra dagoela. Batzuk hasi dira arrapostua ematen, eta haiekin sobera ados ez banago ere, ez ditut kritikatuko, ez baitut hoberik eskaintzeko. Iruditzen zait, hala ere, erantzunaz gainera, bi urrats gehiago beharrezkoak direla. Eztabaida publikoa, gure artean, egunkari eta aldizkarietan. Eta historialarien lana, historialari kritikoen lana (...).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo