Hamar egunez iraungo duten jaietan murgilduta daude lazkaotarrak
Makina bat jai, musika ikuskizun, ekimen... San Prudentzio jaietan bete-betean sartuta dago Lazkao. Lan mardula egingo dute Lazkaotxiki musika eskolako ikasleek, saio ugari prestatu baitituzte. Lana bai, baina eskolan eta etxean egiten duten ahaleginaren emaitza plazaratzeko aukera ezin hobea ere bada eurentzat. Lazkaoko jaiekin nahikoa ez duenak, asteburuan Lazkaomendiko jaiak izango ditu aukeran.
Maider EIZMENDI |
Herenegun, ostiral iluntzean, hasi ziren lazkaotarren sanprudentzioak. Nahi adina jai badute, gainera, izan ere, datorren ostirala bitartean iraungo du jaiak, eta gogoz geratzen denak datorren asteburuan Lazkaomendiko jaietan asetzeko aukera ere izango du.
Atzo Mozorro Eguna ospatu ostean, gaur goizean goiz hasiko da berriz jaia, txirrindulari probarekin. Jada eskarmentua duen ekimena da hau, aurten 65. edizioa ospatzen baitu. Arratsal- dean ikasleek hartuko dute jaiaren testigua eta gogor astinduko dituzte makilak danborradan. Eguna «Visa-vis» kale ikuskizunarekin amaituko dute.
Bihar Lazkaotxiki musika eskolako ikasleek abiatuko dute eguna Txindoki Egoitzan Oin Arin dantza taldea ondoan dutela eskainiko duten emanaldiarekin. Makina bat saio eskaintzekotan dira jaietan eta hori dela-eta azkenaldian prestaketa lanetan aritu dira buru-belarri. Ez dute, ordea, azken unera arte itxaron nahi izan, eta Aste Santuak aurretik amaitu dituzte hiru hilabetez edo egin dituzten entseguak.
Eskolatik plazara
Berrogeita hamarren bat haurrek parte hartuko dute bihar egingo den erakustaldian. Ordubeteko saioa osatuko dute eta orotariko instrumentuak baliatu eta dantzarekin uztartuko dituzte. Esfortzua egin behar izan duten arren, atseginez hartzen dute euren lana plazaratzeko aukera ematen dien saio oro. Hala azaldu du Nerea Barandiaran eskolako zuzendariak. «Irakasleekin eskolan eta nork bere kabuz etxean jarduten dute ikasten, eta egindako lana plazaratzeko aukera ona da bai guretzat, bai ikasleentzat ere». Jaietako emanaldi hauez gain, urtean gutxienez hiru saio izaten dituzte: Gabonetan bata, aste kulturalean bestea, eta ikasturte amaieran, ekainean, hirugarrena. «Gure lana kalera ateratzeari eta taldekako lanari garrantzi handia ematen diogu».
Egun 300 bat ikasle ari dira Lazkaotxiki musika eskolak Lazkaon, Ataunen eta Ikaztegietan dituen egoitzetan eta epe motzean dituzten proiektuen artean dago banda edota fanfarre bat eratzea.
Baina musika eskolako ikasleen emanaldiez gain bada egun hauetan zer ikusi eta gozatua herrian. Bihar ilunabarrean, esaterako, Egan taldearen emanaldiak alaituko ditu lazkaotarrak.
Asteartea dute jaietako egun handia, San Prudentzio eguna. Goizean goiz, bederatzietan, iratzargailu lana egingo du txistularien goiz-eresiak. Ohiko elizkizunak izango dira, jakina, eta arratsaldean Oin Arin dantza taldearen emanaldia izango da. Kirolzaleek berriz, Urrezko Aizkora saioa izango dute aukeran. Gau partean Kupela taldearen emanaldia izango da.
Egun handia igarota beste hiru egun izango dituzte lazkaotarrek jaiak amaitu aurretik, eta gainera, asteburuan Lazkaomendiko jaiak hartuko dituzte.
Musika eskolako dozenaka ikaslek parte hartuko du bihar Txindoki egoitzan egingo duten emanaldian. Oin Arin dantza taldeak lagunduko die.