GARA > Idatzia > > Kultura

Kronika | II. kale antzerki eguna

Antzerkiak Usurbilgo kale zoko bustiak biziarazi zituen

Usurbildarrek ederki frogatu zuten atzo antzerkiak kalea bizi dezan ez dagoela uda garaiaren zain egon beharrik. Eta behin arriskua hartuta, udaberrian parean gerta daitezkeen laino beltzen mehatxuari zenbat eta aurpegi irribarretsuagoarekin erantzun, askoz hobeto dela.

pd56_f01.jpg

Xole ARAMENDI
 
Usurbilgo erdigunea, dema plaza eta frontoia ziren Kale Antzerki Eguneko gune nagusiak. Baita inguruko hainbat kale ere, gehiegi urrundu gabe hala ere, oinez batetik bestera joateko moduko tartean.
 
Antzerkia izan zen jaun eta jabe. Kale antzerkia, giro bereziaz gozatzeko aukera eskaintzen zuena: alaia eta parte-hartzailea, aktoreak zein bildutako ikusleak bihurrikeriak egitera gonbidatuz. Hauxe zen antolatzaileen helburua eta ezin esan bete ez zenik.
 
Txerriki eta Zarauzko Alproja izan ziren errepikatu zuten taldeak. Gainontzeko guztiak lehen aldiz inguratu ziren Usurbilgo kaleetara. Konpainia amateurrak eta profesionalak, guztiek elkar hartu eta antzerkiak Usurbilgo kaleak bizitzea lortu zuten. Aurrez aurre, adi-adi, eserita une batzuetan, zutik edo presaka atzetik segika besteetan, adin eta kolore guztietako herritar eta bisitariak.
 
Ez da agertoki ikusgarririk behar aktoreen eta ikusleen arteko bat-bateko harremana pizteko.   Nahikoa oholtza gainean zapi koloredun bat, txikienak gainean esertzeko. Haur zein helduen aurpegietan irribarrea marrazteko grina da gakoa, eta hori soberan dutela erakutsi zuten parte hartu zuten konpainiek.
 
Ez aparteko espaziorik, ez aurkezpen ponposorik ere ez du eskatzen. Segundo eskasetan guztiak harrapatzen ditu antzerkiaren magiak. Politena, publikoa kale zoko batean ezustean harrapatzea. Edota musika doinuaren «amua» irentsita, ikusleak kalez kale segizioan nola doazen ikustea.
 
Riki, Txer eta konpainiak ireki zuen atzoko egitaraua eta gauerdirako Deabru Beltzak taldearen “Les Tambours de feu” lan ezaguna iragarria zuten, Makulu Ken perkusio taldearen kontzertuaren aurretik. Guztira, dozenatik gora ikuskizun.
 
II. Kale Antzerki Egunean eskaini ziren lan guztiak lau hormetatik kanpo antzeztekoak ziren. Gainera, horietako bi espresuki prestatuak ziren egunerako: Txerriki taldearen “Oasia” eta Labearen “K(h)arrikak”.
 
Lehen konpainia hau, herriko antzerkizaleez osatutako taldea izan zen iaz eguna antolatzera animatu zena. Lehen edizioaren arrakasta nahikoa izan zen bigarrenari ekiteko.
 
Batetik bestera, konpainia guztiak koordinatu eta xehetasun guztiak zaintzen aurkitu genuen Alex Tello kidea. Pozarren. Mendi aldera begiratu eta laino beltzak ikus zitezkeen baina ez zirudien kezkatuegia. «Iaz egun eguzkitsua izan genuen eta jendea barra-barra etorri zen. Gaur fresko egiten du, baina begira nola dauden», esan zuen bildutakoak seinalatuz.

Espazioa txertatuz
 
Une hartan Peter Roberts-en ikasleak ari ziren mimo emanaldia eskaintzen. Artzabal inguruko txokoak primeran txertatu zituzten antzezlanean. Kale antzerkiak eskaintzen dituen baliabideak nola erabili erakutsi zuten. Ikusleen aurpegietan, gehienak haurrak, harridura, jakin-mina ikus zitekeen. Alboan zituzten gurasoentzat bazkalosteko nagiak ateratzen laguntzeko ikuskizun aparta. Txaloka agurtu zuten mimo taldea, korrika frontoian tokia hartzera joan aurretik.
 
«Goiz partea primeran joan da. Arratsaldea lasai hasi dugu, eguna luzea da-eta –zioen Alex Tellok–. Gauean, Deabru Beltzak taldearen saioa eta kontzertua indartsuak izango dira. Gure asmoa gaurkoa jaia izatea da, ez erakusleihoa, eta kontzertuarekin bukatuko da». Eguna ondo hasi zen, frontoi ingurua antzerkizalez beteta zela. Riki, Txer eta konpainiak elizako kanpandorrean hamar minutuko saioa eskaini zuten eguerdian. «Hasiera polita izan da –azaldu zuen Txerriki taldeko partaideak–. Landaberrikoa, berriz, zoragarria. Ia 60 lagun aritu dira taldeka, adin guztietakoak». Antzerkia, dantza eta musika uztartu zituen atzoko egitarauak.
 
Arratsaldea aurrera joan ahala giroa berotuz joan zen. Balorazioa, positiboa. «Bizitako giroa nabarmenduko nuke –argitu zuen–. Iaz asko ezustean harrapatu zituen baina gaur ez». Atzo gehienek bazekiten egitarauaren berri, baita ikuskizuna bukatu bezain pronto nora jo ere.
 
Euskal Herrian uda partean egin ohi dira kale antzerki jaialdiak eta usurbildarrek ausart jokatu dute. «Udan pilatzen dira jaialdi guztiak. Gurea ez da herri turistikoa eta apirila hilabete aproposa ikusi genuen», adierazi zuen Tellok. 
 
Txerriki taldeko kidearen atsedenaldiak ez zuen luzaro iraun. «Frontoian hastera doaz eta gazteei deitu egin behar diet» esanez joan zen korrika. Gero eta ikusle gehiago biltzen joan zen hotzari aurre eginez. Euskaraz kale antzerkia egiten duten taldeen festa izan zen atzo Usurbilen egin zena. Ea ez den azkena.
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo