Mikel Iraundegi, Jon Loiola (*) Justizia eta Bakea - Elizbarrutiko Idazkaritza Soziala
Maiatzaren Lehena, krisia, lanik eza, grebak... justizia
Gaur krisi ekonomiko larri baten erdian gaude. Kepak, Anderrek eta Jessicak ez dute ezer txarrik egin; lan egitea eta etorkizunarekin amets egitea izan da haien bekatua
Kepa, 50 urteko arotza. Hamabost urte eman ditu lanean, eraikuntzako enpresa batean. Negar egiten zuen; duela zortzi hilabete kaleratu zuten. Inguruetako aroztegi, altzari-fabrika eta eraikuntza-enpresa guztiak ibili ditu. Emazteak ez du enplegurik, bi alaba dituzte, 12 eta 14 urtekoak eta oraindik ez dute etxea ordaintzen amaitu. Langile ona da Kepa, baina ikusten du INEMetik kobratzen duena ez dela nahikoa eta, gainera, amaitzen ari zaiola. Alabak ongi doaz ikasketetan; emaztea, etxeko lanetatik librexeago egonik, lan bila zebilen eta enpresa metalurgiko batean hasteko itxaropena zuen.
Ander, 28 urteko gaztea, Keparen herri berekoa, bost urte zeramatzan enpresa metalurgiko batean. Gurasoenetik irten eta burujabe izatea erabaki zuen, eta bi urte daramatza errentako pisu batean bizitzen, beste bi lagunekin. Lana gutxitu egin zela-eta lanpostua uztea tokatzen zitzaiola esan zioten. Orain lanik gabe dago eta ez du gurasoen etxera itzuli nahi. Ez du negar egiten, ez baitu inor mantendu beharrik eta, gainera, gurasoen eta pisukideen elkartasuna sentitzen du. Baina Anderrek etorkizun beltza ikusten du. Ez du garbi ikusten noiz izango duen lan-kontratu seguru bat, bikotekidearekin bizitzen jartzeko bidea emango liokeena. Iruditzen zaio, krisi honen ondoren, kontratuak are prekarioagoak izango direla.
Jessicak eskutitza bidali zigun Ekuadorretik. Lau urte zeramatzan Euskadin. Hainbat familiatan lan egin zuen, barneko gisa, adineko pertsonak zaintzen. Carlos senarrarekin, Ekuadorren hiru seme-alaba Jessicaren amarekin utzita etorri ziren. Ahal zuten diru gehien bidaltzen zuten hilero, amak administratu zezan. Oraindik urte batzuetan lan egiteko asmoa zuten hemen, etxea ordaintzen amaitu eta seme-alabak unibertsitatera bidali ahal izateko. Duela zortzi hilabete lanik gabe geratu zen Carlos eta Ekuadorrera itzuli zen. Jessicak Angeles zaintzen jarraitzea erabaki zuen, 86 urteko amona bat, legez kanpo izanik ere. Angelesen iloba bat, denda batean enplegatzen zena, lanik gabe geratu zen eta izebaren zainketaz bera arduratzea erabaki zuen familiak. Jessicak esaten digu, eskutitzean, familia ondo portatu zitzaiola eta Ekuadorra itzultzeko bidaia ordaindu ziotela. Familiarekin elkartu izanak gozatu dio, nolabait ere, lana galdu izanaren nahigabea.
Orain urtebete, inork ez zuen pentsatuko hilabete gutxi batzuk aurrerago oraingo egoera ekonomikoan egongo zirenik. Orduan beste kezka batzuk zituzten. Etxebizitza ezin iritsizko prezioetan zegoen. Gazteen lan-kontratuak prekarioak ziren, baina ez ziren horretaz kezkatzen. Paperik gabe lan egitea arazo bat zen, baina bazegoen lana. INEMek ez zien ezer asko ordaintzen langabetuei baina hori iraganeko kontua zen. Zerga batzuk merkatzen ari ziren eta zentzuzkoa zirudien horrek.
Laneko eta bizitzeko baldintza horiek, ordea, justiziaren eta benetako bakearen aurkakoak dira, legezkoak izan arren, eta pixkanaka azpitik jaten dituzte bakean bizi nahi duen gizartearen zimenduak.
Gaur krisi ekonomiko larri baten erdian gaude. Kepak, Anderrek eta Jessicak ez dute ezer txarrik egin; lan egitea eta etorkizunarekin amets egitea izan da haien bekatua. Ez dute ulertzen makroekonomiaz, ezta finantza sistemez ere, baina albistegiak eta politikarien eta enpresaburuen mezuak entzuten dituzte, eguraldiari buruzko iragarpenak entzuten dituzten bezalaxe. Ez dira errudun sentitzen eta badakite haiek baino askoz diru gehiago irabazten dutenek sorrarazi dutela krisia. Ikusten dute, saminez eta inpotentziaz, krisiaren ondorioak nozitzea tokatu zaiela.
Krisia gogorra eta bidegabea ari da izaten eta luzatuko den itxura du. Langileek ikusten dute kontratuak amaitzen zaizkiela, kalera botatzen dituztela edo enplegua erregulatzeko espedienteetan sartzen dituztela. Gobernuek, gizarte gastua handitzeko zorpetu nahi ez zuten arren, edo Hirugarren Munduko gosea eta miseria erremediatzeko beti zeken portatu badira ere, ez dute zalantzarik izan nola-halako kaudimeneko finantza erakundeei diru kopuru handiak oparitzeko orduan.
Oraingo buruzagien diskurtsoen logikari jarraiki, berehala izango ditugu begi bistan zenbait egoera: 1. Diru gutxiago izango da gizarte gastuetarako (hezkuntza, osasuna, adinekoen zaintza, etxebizitza, langabeentzako laguntzak, pentsioak...); 2. Diru gehiago bildu nahiko dute eta, horretarako, zeharkako eta errentaren gaineko zergak igoko dituzte, baina langileei soilik; 3. Lan kontratu eredu berriak egingo dira, are prekarioagoak, eta lan finkoa, gutxiengoak izango duenez, desagerrarazi beharreko pribilegiotzat joko dute; eta 4. Zerbitzuak pribatizatzen jarraituko dute.
Maiatzaren Lehena oso data esanguratsua da lan munduaren ahotsa eta, batez ere, hura ordezkatzen duten erakundeena entzuteko eta ezagutzeko. Justiziaren eta guztion onaren alde egiteko konpromiso eraginkorra erakusteko eguna da; lanetik bota dituztenen gizarte estaldura aldarrikatzekoa eta lanaren banaketa solidarioa eskatzekoa. Horrek bidegabekeria estruktural hori sortu duten mekanismoak berrikustea eskatuko du eta Administrazio Publikoak esku hartzea pertsonaren duintasunari dagokion lan giroa errazte aldera.
Euskal Herrian badira hainbat proposamen, krisi ekonomikoaren larritasunak eta haren ondorioak eraginda. Guztiak dira eztabaidagarriak eta hobetzeko modukoak, baina argi dago gero eta familia gehiago bizitzen ari diren egoera mingarria adierazten dutela. Sindikatu, politika edo beste zeinahi alorretako ekimenetatik egiten ditugun balorazioak egiten ditugula, ezerk ez gaitu salbuesten egoera dramatiko hori jasaten dutenekiko izan behar dugun konpromiso eraginkorretik.
Ezin dugu onartu Kepa, Ander eta Jessica guztiek lan duina eta etorkizun hobea izateko eskubiderik ez izatea, edo era antolatuan eta publikoan kexatzeko modurik ez edukitzea, edota egoera horretan sartu dituzten munduko edo hurbileko buruzagi ekonomiko eta politikoek zabaltzen dituzten kontsignak onartu beste aukerarik ez izatea.
(*) Mikel Iraundegi eta Jon Loiolarekin batera, Xanti Ugarte eta Luis Gimenok ere sinatzen dute artikulu hau.