Kronika | Higiezinen arazoa
Biarritz etxebizitza sozialaren aldarrikapenen bilgune izan da
Higiezinen Azoka ez da eginen aurten, eta etxebizitzaren arazoaren gudak oraindik jarraitzen badu ere, bataila bat behintzat irabazi dugu» adierazi zuen larunbatean Lurra kolektiboko bozeramaile Garazi Aldanak.
Idoia ERASO
Elkarretaratzea egin zuen kolektiboak eta Abertzaleen Batasunak hiriko etxeei buruzko bisita gidatua antolatu zuen, hiri turistikoan hutsik dauden 8.000 etxeen arazoa salatzeko eta hainbat proposamen plazaratzeko.
«Biarritz XIX. mendearen hasieran arrantzale herri bat zen, non bale ehizak, nekazaritzak eta artisautzak bat egiten zuten», azaldu zuen Arnaud Bouin, ABren gida turistikoak. Gaur egun, aldiz, Ipar Euskal Herriko etxebizitzaren arazoaren erakusgarri bilakatu da hiria, bereziki turistikoa den kostaldean. Biarritzek itsasoarekin duen loturaren adierazle den Ama Birjinaren Arrokan hasi zen ibilbide turistikoa. Hasieran nagusiki arrantza izan bazen ere, itsasoak hiriari egindako ekarpenak anitzak dira; hari esker, besteak beste, hiri balneario bilakatu eta oporraldirako jendea erakarri du historian zehar. «Biztanleek zituzten lanak utzi eta ostalaritzan hasi ziren; beren lurrak saldu zituzten, kanpotarrek erosi zituzten etxeak eraikitzeko. Ingelesak, errusiarrak, paristarrak eta madrildarrak etorri ziren eta hemen beren oporretako etxea egin zuten», baieztatu zuen Bouinek.
XIX. mendean hasi zen egitura sozial eta urbanistikoak jarraitzen du egun. «8.000 etxe huts daude hirian, urtean bi hilabetez soilik erabiltzen direnak eta etxebizitza sozialak, aldiz, 1.000 besterik ez dira», erran zuen ABko Jakes Bortayrouk.
Itsasoa atzean utzi eta hiriko karriketan murgildu zen gidari turistikoa bere entzuleekin. Art-deco eta neo basque estiloko edota joera eklektikoko eraikin garestien ezaugarriak agerian ziren. Luxuzko etxebizitzak, etxebizitza sozialei tokirik uzten ez dietenak. Eraikin horiek egiten dituzten enpresa pribatuek eraikitakoaren %30 etxebizitza sozialetarako baliatu beharko luketela aldarrikatu zuen ABko Peio Etcheverry-Ainchartek.
Etxeetako aurrealde polit eta leiho itxiei begiratu bat eman ondoren, itsasoaren ikuspegi ederra eskaintzen duen Bellevue plazara heldu zen abertzaleen taldea. Han bidelagun dituzten Lurra kolektiboko gazteak atzeman zituzten. «Etxebizitza=eskubidea» adierazten zuen pankarta baten atzean berrogei bat lagun elkartu ziren euripean. Kolektiboa egiazko etxebizitza politika baten alde agertu zen, «non denak berdin garen legearen aurrean, eta ez den ahalmenen araberako zerbait izanen», azaldu zuen Garazi Aldana bozeramaileak.
Larunbatekoa data esanguratsua zen, krisi ekonomikoak geldiarazi izan ez balu, Euskal Herrian inbertitu nahi duten enpresentzako erakustoki den Higiezinen Azoka antolatzen arituko bailirateke. Kolektiboak poza agertu nahi izan zuen: «Iaz antolatzaileekin bildu ginen saloia egiteari uko egin zezaten galdeginez, berantegi zela erantzun ziguten. Pozten gara aurten, gure ohar eta kontseiluak entzunaz, saloia ez dela antolatu ikusteaz». Etxebizitza sozialaren azoka egin beharko litzatekeela ere adierazi zuten Abertzaleen Batasunako kideek: egoera zailetan dauden pertsonei jabe pribatuek etxeak alokatzeagatik eskaintzen diren laguntzak aurkezteko, edota SIRES gisako higiezinen arloko zerbitzu sozialek beren eginkizunaren berri emateko tokia izateko.
Proposamenak
Bestelako proposamenak ere egin zituzten itzuli gidatuaren antolatzaileek, hala nola erakunde publikoek hiriko lurrak berreskuratzea, espekulazioa kontrolatu ahal izateko; alokatzeko bizitoki sozial handiak eta txikiak ere eraikitzea, behar guztiei erantzun ahal izateko; oporretarako baliatuak diren eta bigarren etxebizitza bezala ezagutuak diren etxeen gaineko zergak handitu ahal izateko legedi aldaketa sustatzea.
Bisita turistikoaren azken geldialdia 1928. urtean saltoki gisa eraikia izan zen eta 1954tik Herriko Etxearen egoitza den eraikinaren aitzinean izan zen. Han ABk bere diagnostikoa aurkeztu zuen: akzio ahulegia eta berantegi. Alderdi politikoak Didier Borotra auzapez eta senatariari aurkeztu proposamenak eskuratzeko gomita zabaldu zion.