GARA > Idatzia > Kirolak > Mendia

«Nire aurretik kateatu zutenen izenak ikusteak errespetua ematen du»

p053_f01_39530.jpg

Erlantz Diaz

Eskalatzailea

Oso egoera berezia bizi izan du 22 urteko bilbotar honek. Berez, kirol eskaladan jarduten da bera; eta indartsu, gainera. Baina haren izena beste jarduera batengatik ekarri dugu lerro hauetara. Izan ere, pioleta eta kranpoiak hartu, eta bere laugarren irteeran «Brutal Fang» bidea (M12/+, D12 lehorra) egin du.

Andoni ARABAOLAZA

Ondo baino hobeto baliatu du kirol eskaladatik dry tooling edo eskalada mistorako zubia. Oso denbora gutxian eta ia eskarmenturik gabe, eskalatzaile bilbotarrak aukera izan du mistoko zailtasun handiko eta goi mailako bide bat kateatzeko. Horrela jarraituta, lasai asko esan genezake zailtasuneko alpinismoan etorkizun polita duela.

Kirol eskaladako espezialista askok bezala, zuri ere otu zaizu dry tooling-ari ekitea.

Duela 2 urte izotzean eskalatzeko gogoa izaten hasi nintzen, baina lagunen bat behar nuen, besteak beste, ez baita harkaitzean eskalatzea bezain erosoa eta material dezente behar duzulako. Aurtengo neguan, ordea, aukera izan dut, eta han-hemenka ibili naiz; batzuetan izotzean eskalatzen, eta beste batzuetan dry tooling-a egiten.

Soilik lau aldiz neguko tramankuluekin ibilita, eta di-da batean «Brutal Fang» bidea egin duzu. «Yaniro» eta gainerako mugimenduekin ondo moldatu al zara?

Argi dago kirol eskaladan aritzeak erraztasunak ematen dizkizula izotzean zein kirol eskalada mistoan ondo jarduteko; hori bai, behar diren teknika guztiak ondo menderatzen badituzu. Ia mugimendu gehienak nahiko automatikoak dira, eta, behin ondo ikasita, esan daiteke eskalada erraza dela.

Penintsulako misto modernoko biderik zailena poltsikoratu duzu. Harritu al zaitu?

Nire aurretik kateatu zutenen izenak ikusteak errespetua ematen du. Izan ere, oso espezialista eta eskalatzaile indartsuak dira. Hori da gehien harritu nauena; horien atzean egotea. Baina Penintsulako bide zailena egiteak, harritu baino, ikaragarri poztu ninduen.

Zer-nolakoa iruditu zitzaizun bidea?

Berez, hiru luze ditu. Lehenengoa soilik harkaitzean eskalatzen da, eta azken biak izotzean. Hori bai, izotza oso gutxitan heltzen da lurrera. Hori dela-eta, lehenengo luzea paraboltekin ekipatu zuten, artifizialean igo behar ez izateko. Luze honi M12/+ zailtasuna eman diote. Hain zuzen ere, aurtengo neguan soilik luze hau errepikatu da, beste biak, izotzean eskalatu beharrekoak, ez baitziren egoera onean.

Beraz, izotza ez zenuen ukitu.

Hala da. Goiko aldean egoten da, baina zati hori erori egin zen. Beraz, luze hori guztia harkaitzean eskalatu nuen. Denboraldia amaitzear zegoen eta tenperatura nahiko altuak ziren.

Bizitako eskarmentu horrek zailtasuneko alpinismoa praktikatzera eramango al zaitu?

Gauza batzuk baditut buruan, baina denbora gehiago behar dut. Erosotasuna kontuan izanda, kirol eskaladan zein blokean jardun dut orain arte. Baina, bai, mendian gauzak egiteko motibatuta nago.

Txoritxo batek esan dit izotzari «beldur» pixka bat badiozula.

Beldurra baino, errespetua esango nuke. Izotzean ezin duzu akatsik egin, eta gauza asko behar dira kontuan izan. Istripurik ere ikusi dut, eta urduritasun apur batekin ibili naiz. Orain garrantzitsuena ikasten jarraitzea da.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo