GARA > Idatzia > > Kirolak

Motoziklismoa Japoniako Sari Nagusia

Jorge Lorenzok ere pastelaren pusketa bat nahi duela erakutsi du Motegin

p046_f02_097x132.jpg

Koldo AKORDARREMENTERIA | GASTEIZ

Qatar-eko Sari Nagusian gertaturikoa ikusi ostean, eta asteburuko entrenamenduetan jazotakoaren ondoren, bazirudien Rossi (Yamaha) eta Stoner-en (Ducati) arteko lehia izango zela Motegiko lasterketan. Baina ez.

Italiarra lehendabiziko postutik abiatu zen, eta australiarra haren parean. Entrenamendu saio bakar bat egin -bigarrenik ezin izan zuten egin euriaren erruz-, eta bi gidarien arteko aldea 55 milesimakoa baino ez zen izan. Baina segundo gutxiren buruan, dena atzekoz aurrera jarri zen. Lorenzo bigarren postutik abiatu zen, eta bera izan zen lasterketan protagonista.

Valentino Rossik gogotsu ekin zion lehiari, eta lehen itzulia osatu aurretik, denetarik gertatu zen. Stonerrek postu asko galdu zituen, azeleratzerakoan izandako arazo txiki batzuen erruz, antza. Dani Pedrosak, aldiz, atzetik aurrerako bidea egin eta 11. postutik 3.erainoko jauzia eman zuen begiak kliskatzerako.

Rossik aukera paregabea zuen behingoz aurkariekiko -eta batez ere Stonerrekiko- aldeak handitzen hasteko, baina lehiakideak urrundu beharrean, gero eta hurbilago zituen. Pedrosak eta Lorenzok laster egin zuten bat Rossirekin, eta Yamahakoa izan zen (Lorenzo) italiarrari lehen erasoa egin ziona. Ozta-ozta eginiko aurreratze arriskutsu batekin mallorcarra Doktorearen aurretik jarri zen, eta honek nahikoa lan izan zuen bigarren postuari atxikitzen. Gero berriro bere ohiko abiadura lortu zuen Rossik. Beranduegi. Ordurako dena erabakita zegoen. Azken itzulietan gorantz nabarmen egin zuena Casey Stoner izan zen; eta laugarren bukatzea lortu zuen. Horrela Lorenzo sailkapenaren goiko postura heldu da 41 punturekin; 40 punturekin, Rossi da bigarren, eta 38rekin, Casey Stoner hirugarren.

Efren Vazquez, pattal

Gidari bizkaitarra ez zen fin aritu eta ezin izan zuen 22. postua baino lortu Motegiko Sari Nagusian -Qatarren 17. geratzea lortu zuen-. Motorren txapelketako kategoriarik txikienean, baina, Andrea Iannone (Aprilia) izan zen irabazlea, eta Julian Simonek (Aprilia) eta Pol Espargarok (Derbi) osatu zuten podiuma. Hala, Iannonek Qatarren lorturiko arrakasta ez zela kasualitatea izan erakutsi zuen.

Litro laurdenekoari dagokionez, garaipena Alvaro Bautistaren (Aprilia) eskuetara erori zen. Aoyama (Honda) izan zen bigarren eta Pasini (Aprilia) hirugarren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo