GARA > Idatzia > > Kultura

Kronika | Gipuzkoako bertso eskolen eguna

Bertsozaletasunaz modu ludikoan gozatu zuten 300 gaztetxok Azkoitian

Dozenaka gaztetxo ikus zitezkeen atzo eguerdian Azkoitiko kaleetan korrika, Unai Gaztelumendik diseinatutako elastikoa soinean zutela. Denak txerriaren bila. Izan ere, pistei jarraiki,«Markoxen txarrije» bertso sorta ezaguna osatzea zuten helburu.

p057_f02.jpg

Xole ARAMENDI

Azkoitiko plazara Markox agertu eta bere txerria aurkitzen laguntzeko eskatu zien bertsozale gazteei. Eta primeran pasa zuten bertso eskoletako kideek. Beste edozein aitzakia bezain egokia izan zen elkarren arteko harremana sustatu –askok aurretik ez zuten elkar ezagutzen– eta bertsozaletasunaz modu ludiko batean gozatzeko. Eskolako lau hormetatik atera eta kalera. Euripean bada ere.
 
Irakasleak eta gurasoak lagun zituztela iritsi ziren Azkoitira, autobusetan. Laster osatu ziren taldeak, bertso eskoletako kideak elkarren artean nahastuz, eta laster egin zituzten jolaskide berriak. Goiza horretan eman zuten, bazkalordua iritsi bitartean. Arratsaldeko hitzordu nagusia Baztartxo antzokian zuten, “Bertso eskoba” antzezlanarekin.
 
Eliza aurrean haurrek Iñaki Gurrutxaga zain zuten, baserritarraren paperean. «Hiru lan tresna gorde ditugu. Eurek aurkitu egin behar dituzte, bertsoaren puntua eskuratzeko», azaldu zuen. Antzekoa egin zuten herriko beste lau gunetan. Amaieran, puntu denak hurrenkera egokian jarri behar izan zituzten, irakasleen laguntzarekin, hamarreko txikia osatzeko.
 
Gurrutxaga bera Bertso Eskolan ibilia da, txikitatik. «10 urte ingururekin hasi ginen eskolan bertan. Jolas bat zen. Une hartan ez, baina gero konturatu nintzen hizkuntzak eskaintzen dituen baliabideekiko banuela sentiberatasun berezi bat. Eta konturatzen zara ez zarela bakarra».
 
Mundu berri bat deskubritzeko balio izan zion. Baita lagun koadrila ederra egiteko bidea eman  ere. «Norbaitek ikus dezake bertsoak kantatze huts bezala, baina horren atzean lagun giroa dago», argitu zuen.
 
Lanbidez bertso irakasle da oriotarra. Gipuzkoan ari diren bederatzietako bat. 800 haur ingururi ematen die eskola. Kopuru bertsua du Bixente Gorostidik ere. Tolosaldean aritzen da, «oso gustura». Atzo eliza atarian aurkitu genuen ikasleei pistak ematen. Berak Bertso Eskolako kide bezala izan duen esperientzia jakin nahi izan genuen. «Hogei urterekin bertsotan hobetu nahian joan nintzen; eta bide batez lagun berriak egitera. Orain alderantziz, helburu nagusia lagunartea da. Ondoren, giroa eta bertsogintza gustukoa badute, bideak ematen dizkiegu landu dezaten».
 
Iker Iriarte zuen alboan. Alegia eta Lazkaoko bertso eskoletan ari da. «Lehen helburua bertsozaleak izan daitezen da. Honez gain komunikatzeko gaitasuna, jende aurrean aritzea, diskurtsoa eratzea, besteen aurka baina aldi beren elkarlanean aritzea... horiek dira zabaltzen ditugun baloreak», zioen.
 
Atzo jolasean zebiltzan gaztetxoetatik gutxiengo bat igoko da oholtza gainera bertsotan egitera. Horren jakitun dira. «Batzuk bertsolariak izango dira, besteak Eskolarteko Txapelketan arituko dira kantari eta beste batzuk bertsozaleak izango dira», esan zuen Iriartek.
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo