Interneteko edukiak egiazkoak ote diren jakiteko teknologia abian da
Askotan aipatu izan da Internetek informazio txarra eta ona eskaintzen duela eta garrantzitsuena horien artean aukeratzen jakitea dela. Lan hori egitea, halere, ez da erraza; horregatik, webguneek eskaintzen dutena fidagarria ote den neurtzen duen teknologia abian da.
GARA | MADRID
Itsu-itsuan sinetsi behar al da webguneek eskaintzen duten guztia? Egiazko informazioa dela pentsatu behar al da? Hori neurtzeko norberaren jakintasuna zen orain arteko konponbidea; gaur ordea, ikertzaileak arlo horretan jarri dira buru-belarri lanean. Arrazoi nagusia, erabiltzaileek Internetekiko hartu duten jarrera da. Izan ere, kazetari, zientifiko edota historialarien lana betetzen agertzen dira asko eta asko.
Aurreko astean Madrilen burutu ziren Interneti buruzko jardunaldietan Andreas Juffinger ikertzailea izan zen gai horretaz mintzatu zena. Bere lan-taldearekin batera blogak ikertzen dituen programa batean egiten du lan. Horren bitartez, webguneak hiru ataletan sailkatzen dituzte: oso fidagarriak, fidagarriak eta fidagarritasun gutxikoak. Aplikazioak testu bateko hitzak hartu eta eduki bera landu duen egunkarietan azaldutako informazioarekin konparatzen ditu. Juffingerren esanetan «horrek emaitza ikusgarriak eman zituen; bide onetik goazela uste dugu». Erabiltzaileak web munduaren protagonista diren zalantzarik ez dago, eta gero eta gehiago dira eurek sortutako guneak. Sona handienetakoa duena Wikipedia da, denen artean sortutako edukiez osatuta dagoena. Horregatik, akatsak ere baditu. Berrienetako bat, Barack Obama AEBetako presidenteak kargu hartu zuenean Edward Kennedy senataria hil zela iragarri zuena. Egiazko informazio ugari eskaintzen duen arren, garrantzitsua da faltsua ere ezagutzea, eta hemendik gutxira errealitate bihurtuko da hori.
Web sinpleagoa
Webaren sortzaile Tim Berners-Lee ere izan zen jardunaldietan, justu Interneten 20. urteurrenean. Berners-Leek guneak gero eta sinpleagoak izan behar dutela adierazi zuen eta «ez bakarrik azkarragoak edota merkeagoak». Azpimarratu zuenez, etorkizuna iragana baino «handiagoa» da eta gizarteak uste duena baino askozaz ere aukera gehiago eskaintzen ditu Internetek. Giltza, halere, sakelako telefonoen bidezko konexioa, sare sozialak edota pertsonaren identitatea babestea direla aipatu zuen. «Ziur egon nahi dut lotura batean klik egitean datuak ni eta lekuaren artean geratuko direla», aipatu zuen. Adibide bezala, telefono konpainiek elkarrizketa bat ez dutela aditzen aipatu zuen eta Internetek datuekin egindako erabilera ondo aztertu beharreko gaia dela adierazi zuen.