GARA > Idatzia > Iritzia > Zirikazan

Afganistanera, loreak baino gehiago

Gogoratzen duzue «Lore bat Kabuleko emakumeentzat» kanpaina? Afganistanen gerra egiteko aitzakietariko bat? Emakumeen egoera, haien eskubideen zanpaketa etengabea, duintasun eza, burka... talibanen domeinu pean.

Gerra oraindik, talibanak kanporatu, AEBek Hamid Karzai txotxongilo-presidente jarri dute eta gauzak honela, emakumeak ez bigarren mailako herritartzat, baizik eta hirugarren edo laugarren mailakotzat dituen lurraldea izaten jarraitzen du Afganistanek. Gizonek babestu eta kontrolatu beharreko beste gauza bat, etxea, lurra edo negozioa bezala. Mendebaldeak herrialde horretan esku-hartzea ezinbestekoa zela zabaldu zuen: terrorismoa erauzteko, erregimen talibana bota eta batasun nazionaleko gobernu «demokratiko» bat ezartzeko (talde eta etnia guztiak ordezkatuko zituena), eta ondorioz, giza eskubideen errespetu eta egikaritza erreala bermatzeko, emakumeenei bereziki arreta jarrita.

Urteak igarota, gerran eta gobernu berria eratuta, zer gertatu da gai horrekin? Talibanak ziren eskubide horiek zorrotzen kendu eta bestelako betebeharrak ezarri zituztenak, baina ez ziren bakarrak, eta haien ordez etorriko zirenek borondate propioz ez ziotela gai honi behar bezalako garrantzia emango ere nabarmena zen. Ez Mendebaldeak ez bazuen baldintza saihestezin bezala ezartzen. Ez terroristekin amaitzeko bezainbesteko indarra ez bazen jartzen.

Ez da jarri. Are gehiago, gai honen inguruan atzerapausoak baino ez ditugu. «Familia afganiarrari buruzko lege berria» sinatu du dagoeneko, ustez, Afganistango presidenteak. Biztanleria xiiaren estatus pertsonalaren aldaketa dakarren legea, hau da, Afganistango biztanleria osoaren ehuneko hamar eta hogeiaren arteko biztanleriarena. Emakumeei dagokienez, eskubide propioak izateari uzteko eta, berriro ere, familiako gizonek erabat kontrolatuta eta dominatuta bizitzeko balioko duena. Bizitzaren alderdi guztietan.

Joan den martxoaren 31n Afganistango etorkizunari buruz Hagan burututako konferentzian ia ehun herrialde egon ziren, AEB eta Espainia barne. Bertan, Afganistan bakean eta askatasunean berreraikitzeko milioika dolar bideratzeko konpromisoa hartu zuten, baina inork ez zuen inongo ardurarik azaldu abian den lege-aldaketaren gainean, biztanleria xiiaren erdiari, hau da, emakumeei, oinarrizko eskubideak zapaltzen dizkiona, hain-hain oinarrizkoak, kalera bakarrik ateratzearena bezalakoa. Hortaz, agintari hauek bake eta askatasuntzat zer ulertzen duten larriki kezkatu beharko gintuzkeen gauza da. Herrialdeek ez luketelako herritartasun-mailaka eta, ondorioz, eskubide-mailaka antolatuta egon behar.

Baina badaude. Eta Afganistan da horren adierazle garbia. Gerrak, gobernu berriak eta esku-hartze guztiak jasanda ere. Afganistango emakumeek loreak baino gehiago behar dute. Hasteko, haien mugitzeko eta adierazteko askatasuna bermatzea. Eta horretarako, nazioartearen konpromiso benetakoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo