GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Kronika | Nafarroaren eguna

Baigorrin goiz eta arrasti: «Zer gara, sei edo zazpi? bat gara, ez al da aski?»

Nafarra izan edo ez, apirilaren azken igandean jende uholdeak hartzen ditu Baigorriko karrika eta plazak. Atzokoan ere, eguraldiak gutxi lagundu bazuen ere, jende andana izan zen bertan. Euriari aurre eginez, euskal lurralde berekoak direla aldarrikatu zuten jai giroan.

p014_f02.jpg

Arantxa MANTEROLA

Beren lurraldearen biziraupenaz kezkaturik, duela hogeita hamaika urte, Baigorriko gazte koadrila batek hainbat ekinbide jarri zituen abian garapen ekonomikoa, laborantza, hizkuntza eta kulturaren defentsan. Herri eta kultura berekoak izaki, bi lurraldeetako herritarrek elkar ezagutzea eta euren artean loturak sortzea edota sendotzea bilatzen zuten. Xede horrekin, Basaizea elkartea eratu zuten segituan eta, geroztik, nahiz eta urtean zehar beste ekintza mordoa antolatu, apirila kultur hilabetea bilakatzen da. Nafarroaren Egunak ematen dio amaiera saioari.

Egun horretan parte hartzeko batzuen zein besteen motibazioa desberdina izan daiteke baina badira Nafarroaren Eguna era berezian bizi dutenak. Horien artean, Graxi Etxebehere eta Edi Goldaraz.

Aspaldiko lagunak dira Graxi eta Edi. Lehena Ortzaizen bizi da, eta bertan lan egiten du. Edi, berriz, Iraizotzen bizi da. Urtean zehar askotan ikusten dute elkar eta, nola ez, Nafarroaren Eguna hitzordu saihestezina eta oso berezia da beraientzat. Urtero bezala, Nafarroa Garaiko eta Behereko lagun mordoarekin asteburu aparta igaro zuten.

Hasierako urteak ez ziren, halere, oso atseginak izan. «Zinez, biziki gogorrak izan ziren», dio Graxik, 1978an lehenengo Nafarroaren Egunean -eta ondorengo zenbaitzuetan ere-, bertako herritar askok leihoak ixten zituztela gogoratuz. Urteen poderioz, eta batik bat, egindako lan itzelari esker, leiho guztiak irekitzea lortu dela esan daiteke.

Baina, nola igarotzen dute bi lagunek egun hori? Egia esateko, bezperatik elkartzen dira Karrikagaiztoko etxean. Duela hamalau urte, antzinako etxea -ate gainean «1774» zizelkatua dauka- salgai jarri zenean, kanpotarren esku uztea baino, lagun taldeak erostea deliberatu zuen, eta geroztik, elkargune begikoena -«erreferentzia puntua» Ediren esanetan- bilakatu da beraientzat eta bertan biltzen den jende andanarentzat.

Nafarrak eta «erantsiak»

Izan ere, larunbateko afaria ez da nolanahikoa izaten. Aurtengoan ere, 30etik gora afaltiar izan ziren bata bestearekin lotutako mahai luzean. Egun horretan beste lagun asko ikusteko aukera izaten dute. Gehienak Nafarroa Garaiko hainbat herritatik inguratutakoak izaten dira, baina tartean badira ere beste euskal lurraldeetatik «erantsitako nafarrak». Bata bestearen berri hartu, bapo jan eta edan, eta, jakina, kantuan bukatu zuten saioa, goizeko ordu txikietan.

Hurrengo goizean, goiztiarrenetakoak izan ziren bi lagunak. Jef, Joxe Mari eta beste batzuekin batera hamaika zeregin izan zuten eguna ongi igaro zedin. Gaiteroen kalejiraren hotsekin etxea berriro animatzen hasi zen. Bertan lo pixka bat egitea lortu zutenak agertzen hasi zirenerako, kanpotik zetozen beste batzuek berpiztu zuten etxea. Besoak trastez beterik sartzen zirenen joan-etorria etengabea izan zen egun osoan. Horko ardo-kaxa, eltze, gazna, bizkotxa... Batak bestea agurtu, jaio-berria aurkeztu, iaztik ikusi gabekoen berri nagusiak trukatu...

Hori faltan botatzen du Graxik: «Domaia da baina denborarekin, izaten genituen hartu-emanak urritzen joan dira, eta orain herritar gutxi batzuek mantentzen ditugu loturak urtean zehar Nafarroa Garaiko lagunekin».

Lanak lan, bazkaldu aurretik eliza ondoko plazan izaten den ikusgarrira joatea lortu zuten. Eguraldi pattalaren erruz, ohiko eskulanen azokatxoan artisau gutxi izan ziren. Halere, dantzariek, joaldunek, trikitilariek eta buruhandiek osatutako kabalkada eguerdirako iritsi zen bertara. «Xalbador» eta «Mattin» Amikuzeko diganteak -gainerakoak ez zituzten atera euritan zela-eta-, nabarmen ikusten ziren aterkien itsasoaren gainean. Bertsoak, Karmeleren irrintzia, jauziak, Larrain dantza eta Basaizea elkartearen hitzen ondotik, azken urteetan ohiko bilakatu den presoen aldeko manifestazioan itzuli ziren bi lagunak frontoi aldera.

Asko Karrikagaiztoko etxean geratzen dira otordurako, baina Edik eta Graxi, azken urteotan Ortzaizeko eta Donibane Garaziko ikastolek prestatutako herri-bazkarira joan ziren. Atzokoan ere 1.200 lagun elkartu ziren karpapean, sekulako giroan.

Urteko mezua

Txaranga, trikitixa eta Xalbador eta Ihidoi eta Fermin Valenciaren abestien artean, berebiziko arretaz entzun zuten bi lagunek Basaizea elkartearen urteko mezua. Euskara eta euskal lurraldearen defentsan lehenengo Nafarroaren Eguna egin zenetik hogeita hamaikagarren urtea betetzen zirenean, batarentzat zein bestearentzat egungoak «garai ilunak» direla iritzi zion elkarteko eledunak.

Gasteizko gobernua PSOEren esku jartzeko zorian, Nafarroan Sanz eta haren lagunen jokaerak eta Ipar Euskal Herrian, Estatu frantsesa hiru lurraldeak bizirauteko ahalmenak urritzen ari delarik, inguruabar iluna ageri zen, zinez.

Horrez gain, «euskal herritarrok sekulako errepresioa pairatzen ari gara», gaineratu zuen, eta salatu zuenez, euskalduntasuna eta abertzaletasuna jomugan jarrita, «dena debekatu nahi dute». «Etsipenean ez erortzera» dei egin zuen, eta Nafarroa, Amaiurtik Zangozaraino edota Baigorriraino, bakoitza bere berezitasunekin, «lurralde bera» dela gogorarazi zuen.

«Inposatutako nortasuna eta mugak» onartezinak direla salatu, eta «euskal mendietan arrano beltzaren hegaldiak mugak ez dituela bereizten» argitu zuen, jarraian dei eginez «buruak altxa eta lurra defendatzera».

Goizean, plazan jaurtiriko mezuak, berriz, metafora izan zuen ardatz. Nafarroa etxetzat hartu, eta «ekaitzaren mehatxupean» dagoen etxea dela azaldu zuten. «Kontrako haizeei aurre egiteko murruak sendoak baditu ere», etxe barruko kalapitak nabarmendu zituzten bereziki.

«Guztiok nahi dugu etxea zutik mantendu, baina ez gira ados jartzen zer-nolako moduan egin» gehitu zuen, denen artean, «kolore anitzeko etxea» eraikitzera deituz.

Arratsalde erdirako, bazkal mahaia utzi, frontoian xiba jokoen amaierari bistadizoa bota eta dantzariek saio berriari ekin aurretik, Graxi eta Edi etxera itzuli ziren. Zintzurra bustitzeko aitzakiarekin eta zeruaren aterrunea profitatuz, atzealdeko baratzetxoa jendez bete zen.

Ateak zabalik

Aldiro gertatzen den moduan, ostatua zelakoan kaletik sartutako jende mordoak atzera egin zuen beren hanka-sartzeaz ohartu ondoren. «Ateak zabalik izaten dira beti» zioen Graxik, harremanak egitea plazeraz gain, «Euskal Herria eraikitzeko era bat» dela nabarmenduta.

«Nire ustetan, gu normalak gara. Ez dudana ulertzen da besteak zergatik ez diren halakoak, finean Baigorrin, Zangozan edota Iruñean, etxe berean baikaude» gaineratu zuen Edik naturaltasunez egiten dutela adierazteko. Iruñean ere urtero herri arteko elkartzea egiten dutela adierazi zuen, berrogeita bost herri ezberdinetako nafarrak elkartu izan direla esanez.

Graxik, «mugen» gainean, ñabardura gehitu zuen: «Lehen urteetan Nafarroaren Egunera etortzea ez zen erraza, konpromisoa zen, muga igarotzea ez baitzen askotan txantxetako kontua. Orain, errazago igarotzen dira eta festa giroan baieztatzen dugu zer garen, baina, aldiz, buruko eta bihotzeko mugak ez ditugu oraino gainditzea lortu. Besteren artean, harremanekin eta horrelako topaketekin egiaz ezabatzea lortuko ote dugu!».

Arratserako, Baigorriko karrikak bezala, jendez husten joan zen etxea. «Sanferminetan ikusiko gara», «Tafallako jaietara joango al zarete?» eta antzekoak, agur moduan. Batzuk afaritara geratu ziren. Nekea eta atsegina nahasturik, talde txikiagoren gerizpean kantuan bukatu zuten gaualdia. Norbaitek Odei Barroso bertsolari gazteak aurtengo Nafarroaren Egunaren karietara egindako bertsoak aipatu zituen: «Nafarroa bat eta bakarra, garai, altu, behe, azpi... Baigorrin goiz ta arrasti...» eta Euskal Herriko muina den lurraldearen eztabaida piztu zen. Erantzuna, ordea, bertsoetan bertan zegoen: «Zer gara sei edo zazpi?. Bat gara, ez al da aski?».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo