Aizkora Urrezko lehiaketa
Arrospidek eta Nazabalek iragarpenak bete dituzte
Leaburukoak eta Etxarrikoak Rekondo eta Zubiaga menderatu zituzten.
Jon LEUNDA | ZUMAIA
Urrezko Aizkorako final-laurdenetako ligaxkan ez zen ezusterik izan, eta Arrospidek eta Nazabalek aparteko arazorik gabe irabazi zituzten beren norgehiagokak, eta finalerdietan izateko urrats garrantzitsua eman zuten. Zumaian jokatu ziren saioak, eta sekulako betekada izan zen pilotalekuko harmailetan.
Anjel Arrospidek ia hiru minutuko aldea kendu zion Jon Rekondori, jokatutako bost probetatik lau irabazi egin baitzituen. 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztuz neurtu ziren hasteko, eta horixe izan zen leitzarrak lortu zuen garaipen bakarra. Enborra 30 kolpetan apurtu zuen, eta hiruren aldea kendu zion gipuzkoarrari.
Bigarren lanean, ordea, alde horri buelta eman zion Leaburukoak. Abiadura proba izan zuten, 45 ontzakoa mozteko. Gipuzkoarrak 34 segundotan moztu zuen, eta seiren aldea kendu zion. Hirugarren proban, kana-erdikoa zutik zuten lanerako, eta 1.31 izan zen Anjelen denbora, eta beste bederatzi segundo atera zizkion. Azken-aurreko lanean 60 ontzakoa zuten aurrez aurre, eta beteranoak ez zuen barkatu, lanak minutu eta 28 segundotan amaitu baitzituzten, eta nafarrak, berriz, minutu eta 51 segundo behar izan zituen.
Azkenik, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu behar zituzten, eta hor ere Leaburukoa izan zen nagusi. 10 minutu eta 36 segundo behar izan zituen lanok amaitzeko, eta 12 minutu eta 54 segundo nafarrak. Denetara, Arrospidek, 14 minutu eta 42 segundo behar izan zituen lan guztiak burutu ahal izateko, eta 17 minutu eta 37 segundo, berriz, Jon Rekondok. Arrospide da multzo honetan aurrera egiteko faboritoa, eta horretarako arrazoiak daudela erakutsi zuen atzokoan.
Aurrekoaren tankerara
Bigarren neurketan ere ez zen inongo ezusterik izan. Floren Nazabal zen faborito, eta Etxarrikoak ere ez zuen izan aparteko arazorik Zubiaga, Arabako txapelduna, mendean hartzeko. Jokatutako proba guztietan, gainera, nagusi izan zen nafarra.
Hasteko, 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtu ziren, eta nafarrak lau kolpeko aldea kendu zion. Berak 34tan erdibitu zuen. Abiadura proban ere Nazabalek ez zuen hutsik egin, nahiz eta Zubiagak ere lan ona egin zuen. Etxarrikoak 49 segundo behar izan zituen 45 ontzakoa mozteko, eta 51 arabarrak. Ondoren kana-erdiko enborra zutik jarrita moztu behar zuten, eta hor ere Euskal Herriko txapelduna nagusitu zen. 1.36 izan zen bere denbora eta 2.41 Zubiagarena. Hortxe geratu zen dena erabakita.
60 ontzakoarekin ere tartea zabaldu egin zuen nafarrak. 1.37 izan zen bere denbora eta 1.53 arabarrarena. Azkeneko lanean, iraupeneko proban, alegia, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu behar zituzten. 10.16 izan zen irabazlearen denbora, eta 10.37 aurkariarena.
Amaieran, lan guztiak burutu ahal izateko, 15 minutu eta 2 segundo behar izan zituen Nazabalek, eta Zubiagak, berriz 16 minutu eta 40 segundo. Multzo honetan ere Nazabalek egin beharko luke aurrera, bera baita lehiaketa hau irabazteko faborito nagusietako bat.
Urrezko Aizkorak ez du etenik izango, eta bihar bertan beste bi saio ikusi ahal izango dira. Goizean, lehian hasteko falta den multzoa abiatuko da Armentian, Gasteizen, 12.30etik aurrera. Larretxea eta Senosiain I.a neurtuko dira bertan. Donato ere lehiaketa hau irabazteko faborito nagusietako bat da, eta saio honetan ere zaleek haren aldera joko dute.
Arratsaldean Lazkaon, 19.00etatik aurrera neurtuko dira Azurmendi eta Jauregi. Azken hau da orain arteko ezusteko nagusia, baina zaila izango du Azurmendiri irabaztea. Arriarangoak galdu egin zuen Mindegiarekin, baina bihar faborito aterako da. J.L.