GARA > Idatzia > > Kultura

Unai Gaztelumendik eraman zuen Hernandorena Sariketako txapela baita oilarra ere

Berezia izan zen atzoko Hernandorena Sariaren finala Aiherran, bertsulariek saio bikaina eta parekatua osatzeaz gain, sariak banatzeko tenorean harridura nagusitu zelako bertsulari nahiz entzuleen artean.

p058_f01_96x92.jpg

Joxemiel ETCHEMENDY | AIHERRA

Larunbatean Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) zuzendari Ttitto Aguerreri egokitu zitzaion txapeldunari saria banatzea, eta txapelaz gain oilar eder bat eman zion Unai Gaztelumendi irabazleari. Hara, 1948ko apirilak 4an, Teodoro Hernandorenak antolatutako sariketan, honako bertsulariek parte hartu zuten Saran:

Aldaz, Trounday, Argindegi, Irigaray, Iturria, Xanpun, Hiriart, Urruty, Mattin, Felix Iriarte, Zubikoa, Xalbador, Meltxor, Errexil, Xetre, Intzabi, Goikoetxea, Sarasola, A. Lekuona, Kalbo, Peno eta Kattabil. Eta Xanpunek eraman zuen saria, txerri ttipi bat. Haren oroitzeko edo, antolatzaileek sarien banaketa modu berezian egin dute, eta ikusitakoaren arabera, gazteen arteko sariketa honi berezitasun bat gehiago erantsi diotela erran daiteke.

Unai Gaztelumendi izendatu zuten garaile 322 punturekin. Bigarren, Hiriburuko Patxi Iriart izan zen puntu bakar bat gutiagorekin, 321, eta sari gisa Mixel Xalbadorrek emandako bildotsa ukan zuen. Hirugarren Ekhi Erremundegik egin zuen, 299 puntu bilduta, eta txerri ttipi bat izan zuen sari. Laugarren, berriz, Erremundegiren puntu berak eskuratuta, Itsaso Paia izan zen, eta honek oilo bat jaso zuen. Laugarren Oier Lakuntza izan zen 288 punturekin eta seigarren Ximun Cazaubon 283rekin, azken bi hauek ez zuten saririk ukan, baina aitzineko urteetan eskuratzeko aukerak badituztela argitu zuten saioan zehar. Saioa borobila izan zen, akatsik gabea eta koblakari guztiek ideia freskoak erantsi zizkioten bertsuei.

Kartzelako lanakk erabaki zuen txapelduna, Unai Gaztelumendi oso goitik aritu baitzen, eta nahiz Patxi Iriartek lan bikaina egin Añorgakoaren erakustaldiak txapela eta oilarra eskuratzea ahalbidetu zion.

Unai gustura agertu zen lortutako sariarekin, eta Segi gazte erakundeko kideak izatea leporatuta Hernanin atxilotutako gazteei eskaini zien txapela, lagun koadrilakoak baititu, eta aitari ere egin zion aipamena agurraren orduan, behingoagatik berarekin kontent izanen zela oroitarazi baitzion, etxean daukaten oilategirako oilar eder bat eskuratu zuela-eta.

Itsaso Paia txundituta ageri zen saio amaieran, ia hitzik errateko ahalmenik gabe, egokitu zitzaion sariarekin, nola ez; baina Algortarako bidean kopilotu joateko laguna behintzat topatu zuela aipatu zuen.

Patxi eta Ekhi ere egindako saio onaren sariarekin zer egin zezaketen gogoeta eginez agurtu ziren Aiherratik. Zorionak antolakuntzari, eta zorionak bertsularien belaunaldi distiratsuari, Hernandorena Sariak ez baitu gutiago merezi.

Ficha

Dirección: Kevin Macdonald.

Guión: Matthew Michael Carnahan, Tony Gilroy y Billy Ray; basado en la serie de TV la BBC creada por Paul Abbott. Intérpretes: Russell Crowe, Ben Affleck, Helen Mirren.. País: EE.UU. y Gran Bretaña, 2009.

Duración: 132 minutos.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo