«Fragmentuekin» puzzlea osatu du Aurelia Arkotxak bere lan berrian
Ariane KAMIO | DONOSTIA
Fragmentua «hautsi den gauza baten ezpala, osotasuna puskatu baten zati bakartua, esentzia galdu baten hondarra» da Aurelia Arkotxaren liburu berriaren hitzaurrearen arabera, eta «Fragmentuak» dira idazle baxenabartarrak bildu dituenak. 2004tik 2008ra bitarte «Berria» egunkariko «Maratila»-n argitaratu ziren zatitxo horiekin osatu du lan berria, nahiz eta ez den «bilduma soila». «Nire xedea poesia egunerokotasunean sartzea izan da eta irakurleari pausagune bat ematea», azaldu zuen. Horretarako, «bidaiak» baliatu ditu Arkotxak, edonora egindakoak, eta gizabanako anonimoen arteko solasaldietan oinarritu da helburuak betetzeko. «Idazle bezala, ez du teoriarik, ez dut leziorik irakurleari emateko, beraz, solasaldi bat sortzen saiatu naiz», esan zuen Donostiako Koldo Mitxelenan egindako aurkezpenean.
«Gaur -atzo-, adibidez, `topoz' etorri naiz Hendaiatik Donostiara. `Topoa' ez da ohiko tren bat; espazio berezia da. Etorkinek, etxeko andreek, langileek, ikasleek, haurrek... erabiltzen dute, eta bertan gurutzatzen dituzu jendearen solasak; leihotik antzematen dira langile auzoak; pareta batean irakurtzen dira kalean entzuten ez diren oihuak... Azken finean, boz isildu horiek kokatzen ditut eskrituran, hain noblea zaigun idazle baten eskrituran», esan zuen. Era horretan, pertsona anonimoen solasak ahalik eta erarik zehatzenean agertzen saiatu da.
Iraultzarako tresna
«Fragmentuak» «libertateari» lotutako lana da. Idazlearen irudiko, aurreko mendeetan liburuen bitartez gauzatzen ziren iraultza nagusiak, «boteredun guztiek baliatzen zituzten liburuak». Gaur egun, baina, bere statusa galdu du, liburutegi askorentzat arazo bilakatu baitira okupatzen duten lekuagatik, eta askok bota egiten dituzte. Hortaz, beharrezkoa da gaur egungo gizartea ulertzeko gune berezi bat izatea. «Beste modu batera ibili, pentsatu behar da. Niretzat, adibidez, ibiltzea hautatzeko era bat da».
Lau urte horietan argitaratu diren artikuluak alfabetoaren arabera sailkatu ditu Arkotxak. «Aleatorioa, zorizkoa dena atsegin dut. Aleatorioa da egunerokotasunean gertatzen dena», azaldu zuen baigorriarrak.
Izenburua: `Fragmentuak'.
Egilea: Aurelia Arkotxa.
Argitaletxea:
Utriusque Vasconiae.
Argitaraldia:
2009ko martxoa.