GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Pandemia arriskuak badirau, baina birusa ez da oso hilgarria... eta hurrengoa?

Herenegun OME Osasunerako Mundu Erakundeak, txerri gripea dela-eta, alerta egoera 3. mailatik 4.era igo zuen. Erakunde horrek pandemia baterako prestatzeko eskatu zien atzo gobernuei, AEBetan pertsona arteko kutsatzerik izan dela baieztatzen bada, alerta maila igotzeko. Hala ere, birus horren hilgarritasun maila ez omen da oso handia eta, gainera, birusaren kontrako botikek emaitza onak eman dituzte.

Aurrerapauso handiak eman dira, zalantzarik gabe horrelako birus ezezagunei aurre egiten, eta aurrerakuntza hori agertu diren birusei aurre egiteko beharrari esker azkartu da. Bada, ordea, beste alderdi bat ezertan ere aurreratu ez dena; aitzitik, kontrako bidera daramana: elikaduraren industrializazioak zerikusi handia du arazo gero eta handiago hauekin. Eredu hori aldatzen ez bada eta ekosistemen inbasio basatiak jarraitzen badu, nekez helduko zaie pandemia arrisku horiei. Birus hau gainditu egingo du zientziak, baina ez haren eta beste askoren kausak. Eta gizateria hurrengoaren zain geratuko da. Egia da osasun sistema gero eta prestatuago dagoela, baina birusak gero eta arriskutsuagoak direla ere bai.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo