GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Ariane Kamio Kazetaria

Ia lau urte, heroia beltza izan zenetik

Zerbait bazetorrela antzematen bazuten ere, zeuden tokian geratzea izan zen haien erabakia. Zertarako atzean utzi daukazun apur hori eman dizun tokia? Batzuetan zaila egiten zaio beldurrari gizasemearen barrenean tokia bilatzea eta, gutxi batzuetan, kanporatua izaten da, baimenik gabeko toki izendatutako hura zanpatzen saiatzeagatik.

Egunero bezala, ogia eta esnea erosiko lukeen gisan, etxetik hurbilen dagoen dendan sartu eta beharrezkoa zuena soilik erosi zuen. Izotza, edari hotzak, gozo batzuk eta nahikoa, etxean zituen elikagaiekin aski zuen zetozen egunak igarotzeko. Abuztuko azken egunetan udari agur esan aurretik, bero sapa itzel batek estali zuen auzo hura; xumea baina gizatasunean aberatsa, hala erakutsi zuten behintzat bertan geratzea erabaki zutenek, bai baitzekiten haiei gertatuko zitzaienak ez ziola inori buruhauste handirik eragingo.

Desagertzea izango zen hura jolas bihurtu zen une batez. Bi aste lehenago erositako kamera eskuan hartu, eta auzoan azken itzulia etxean sartu aurretik. Hiru alaba zituen ama etxeko atarian eserita, bi aitona azken berriei arreta berezia jartzen, eta «zuzendari» lanetan ari zenaren osaba mozkorra atari batean lo, zetorrenari aurre egin nahi ez eta denborari bere bidea azkarrago egiten uzteko. Ilobak esnatu zuen eta balantzaka sarrarazi zuen bere etxean.

Bi aste geroago izan zuten Kimberlyk eta haren senarrak bere etxera itzultzeko aukera. Ez zegoen inor eta geratu ziren askok ez zuten aurre egiteko aukerarik izan. Bi aste geroago, oraindik hilik jarraitzen zuten beren etxeetan.

Zertarako atzean utzi zure bizitokia beltza izateak guztia baldintzatzen badu? Abuztuan lau urte beteko dira «Katrina»k New Orleans galeran utzi zuenetik, eta lau urte beteko dira AEBetako Gobernuak milaka gizaseme beltz bazterrean utzi zituenetik; lau urte, beltza zenak, zuriak baino gehiago galdu zuenetik; lau urte heroia, behingoan, beltza izan zenetik. «Trouble the water» filmak garbi erakusten du errealitate itsu baten jarraitzaile fidel izaten jarraitzen dugula.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo