GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Gazumeko parke eolikoak ekarriko dituen kalteak salatu dituzte

GARA |

Ernio-Gazume interes komunitarioko gunea da, eta bertan ehun metroko altuera izango duten 15 aerosorgailu ezarri nahi izateak Errezil, Asteasu eta Azpeitiko bizilagunen eta talde ekologisten haserrea eragin du.

Parke eolikoa osatzeko 46.000 metro koadroko azalera basogabetzeak eta 8 kilometroko luzera edukiko duen goi-tentsioko aireko linea jartzeak, «mendiaren industrializazioa» ekarriko du Eguzki, SEO/ BirdLife eta Vasco de Camping elkarteen hitzetan; «habitat berezi batzuen eta babestutako paisaien desagerpenarekin batera», gehitu du.

Haize falta dela-eta, haize-errota horiek denboraren %75ean geldirik egongo direla aurreikusten da, eta hortaz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako behar energetikoaren %0,41 besterik ez duela aseko azaldu dute hiru eragileek prentsa oharrean.

Mendi inguru honetan beste leku batzuetan aurkitzea oso zaila den hainbat animalia bizi dela jakinarazi dute; «horren energia kopuru txikia eragiteko, habitat preziatuak suntsitzea ez dago justifikatuta», eragileek azaldutakoaren arabera.

Horiek horrela, hiru eragileek herritarrei parke eoliko honen kontra mobilizatzeko eta alegazioak aurkezteko dei egiten dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo