GARA > Idatzia > Iritzia > Azken puntua

Maider Iantzi Kazetaria

Jaio aitzinetik zimeltzen diren loreak

Fernando Pessoari irakurri diot jada ezin zuela egunsentia umetan bezala ikusi. Haurra zelarik eguna ez zen berarentzat esnatzen, bizitzarentzat baizik, orduan bera, konturatu gabe, bizitza zelako. «Goiza ikusi eta poza sentitzen nuen; gaur, goiza ikusi eta poza sentitzen dut, eta triste jartzen naiz». Mutikoak hor jarraitzen zuen, baina mutu. Lisboako idazleak hark ikusten zuen bezala ikusten zuen, begien gibeletik bere burua begiratzen ikusten zuen, ordea, eta horrekin bakarrik eguzkia iluntzen zitzaion eta zuhaitzetako berdea zaharra zen eta loreak jaio aitzinetik zimeltzen ziren. Bai, dagoeneko dena ikusia zuen, inoiz ikusi ez zuena ere bai, eta sekula ikusiko ez zuena.

Carmenentzat eta Nataliarentzat bizitzako lehenbiziko dezepzioa, aurreneko gezurra, Erregeak gurasoak zirela jakitea izan zen. Aroiari, beldurra ematen zioten, gizon bizardun guztiek bezala, hortaz, agian lasaitua hartu izanen zuen. Maria Jesusek egunaren bezperan kontatu zion sekretua Carmeni. «Baina nola izanen dute gurasoek hori dena erosteko adina diru?», Carmenek ez zion sinesten. «Badakizu non gorde dituzten opariak? Etorri etorri...». Nik ez nuen Erregeen magia ezagutu, Olentzerorena bai, baina ez naiz apenas oroitzen, hagitz umeak ginela lehengusu batek jakin, sukaldeko mahaian bildu eta dena azaldu zigulako. Anaia gaztearentzat istorioak asmatuz eutsi nion lilurari, gogoan dut leihotik Olentzeroren etxera begira nola egoten ginen. Anaiak bezala, etxea ikusten nuen, baina baita neure burua begiratzen ere. Kontent baina triste nengoen. Pessoak ongi deskribatzen du galdutako inozentziak ekartzen duen tristura, baina nola liteke inoiz ikusi ez duguna eta sekula ikusiko ez duguna ere ikusia izatea? Oraindik inuzentea izanen naiz...

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo