GARA > Idatzia > > Kultura

Errenteria, eskulangintzaren arteak eskaintzen dituen aukera ugarien erakustoki

Euskal Herriko berrogeita hamar artisauk, kolorez betetako postuen bidez, mosaiko ederra osatu zuten atzokoan, Errenteriako Eskulangintza Azokaren lehen egunean. Gipuzkoarrak gehienak, orotariko bitxiekin apaindu zituzten datozen egunetan euren lantoki izango diren txokoak. Hala, besteak beste, zurez, paperez, kartoiz, ehunez, burdinaz, beiraz, larruz eta buztinez eginiko produktuen erakustoki bilakatu zen Jose Luis Caso Aretoa (Udal Azoka Zaharra).
p041_f01_199x116.jpg

Odeia AIESTARAN | ERRENTERIA

Belarritakoak, altzariak, oinetakoak, xaboi naturalak, txotxongiloak, kandelak, loreak, pilotak eta abar luze bat. Eskuen arteaz baliatuz, Euskal Herriko berrogeita hamar artisauk euren abileziaren erakustoki bihurtu zuten Errenteriako Jose Luis Caso Aretoa, bihar arte iraungo duen Eskulangintza Azokaren 31. edizioan.

Ereintza Elkarteak antolatuta, hamazazpi eskulangilek lehenbizikoz parte hartuko dute bertan. Jone Idiazabal antolatzaileak azaldu zuenez, «denei aukera ematea da helburua, jakin badakigulako, azoka erakustoki garrantzitsua dela beraientzat». Nabarmendu zuenez, bestalde, 30 urteetan eskulangintza asko aldatu da, eta horren erakusle da aurtengo edizioa. Izan ere, hasiera bateko lan tradizionalak desagertu egin dira, eta, gaur egun, artisau gazteagoak izanik, produktuak berrikuntza eta kalitate handiagokoak dira. Nelson Florez donostiarrak, esaterako, linograbaketaren teknika ekarri du azokara. Eskuz egindako erreprodukzio teknika bat da; kautxuzko plantxa batean marraztu eta diseinuak ebakiak eginez burutzen dena.

Erakustoki ederra izateaz gain, salmenta gune ere bilakatzen da azoka, baita harremanetarako gune ere, etorkizuneko bezeroak lortzeko asmoarekin. Izan ere, askok esaten dutenez, langilea urte guztiko salmenta egitera irits daitezke hiru egunotan.

Hori horrela izateko, ordea, postua apain jarri eta bakoitzaren trebezia erakutsi beharra izaten da, horretarako, ahal diren bitarteko guztiak erabiliz. Modu horretan, lan bakoitzaren prozesua azaltzen duen bideoa postuan jarri duenik ere izan da. Brontzearekin lan egiten duen Yolanda Lopez de Munain kasu. Bere esanetan, «helburua saltzea da eta, beraz, erosleari produktua begietatik sartu behar zaio».

Horrenbestez, Bronzederren postuan bisitaria erakarriko duen dragoi handi baten irudia jartzeaz gain, berau nola egiten den azaltzen duen bideoa ere jarria dute.

Nabarmentzekoa da, normalean aurkitzen ez diren brontzezko artikuluak dituztela ikusgai: aldabak, sarrailak eta mota guztietako apaindurak.

Tradizioari ezin uko egin

Azokan artisautza modernoa deiturikoa nagusitzen bada ere, tradizioa jarraitzen duten eskulangileekin ere topo egin dezake bertaratutakoak. Jose Ramon Salmanton Zallako artisauak, esaterako, etxean ikasi zuen otarrak egiten, eta gaur egun horretara bideratu du bere lana. Errenteriara tamaina guztietako otarrak ekarri ditu, bere ustez, «bertako produktua eta praktikoa» izanik, jendearen interesa pizten du, eta, otarrak zuzenean nola egiten diren ikusita, gerturatutakoek jakin-mina erakusten dute. Horregatik, zuzeneko salmentak arrakasta izango duen esperantza azaldu zuen Salmantonek.

Momentuan erosi ezin daitezkeen produktuak ere badaude ikusgai, baita bakoitzaren gustuen arabera pertsonalizatu beharrekoak ere. Lander Urkia errenteriarrak, esaterako, azoka «erlazio berriak egiteko eta enkarguetarako» leku gisa ikusten du. Berak egurra lantzen du eta garbi du altzari bakoitza leku baterako egina dagoela eta, beraz, bakoitzaren araberakoa izango dela produktua.

Azken hiru urteetan izan da bertan Urkia, eta, orokorrean, jendeak, prezioak galdetu eta ondoren tailerrera gerturatzen dela azaldu du, gero «bezeroaren etxera joan eta beharrei egokitutako pieza egiteko». Horrez gain, Errenterian bertan ematen duen duen egur-lanketa tailerraren berri emateko ere baliatzen ditu egun horiek, «Langileen Nazioarteko Eguna izanda, lanean aritzea tokatu bada ere», esan du txantxetan.

Bi egun oso aurretik dituen azoka, beraz, tradizioa eta abangoardiaren eremu guztiak ukituz, hamaika produkturen erakustoki bihurtu da. Behin aretoa bisitatuta, gainera, gozagarriekin jarraitzeko aukera badago, Segurako taloari, garrapiñatuei edota pastelei helduta.

SARIAK

Eskulangintza Azokako sariak gaur banatuko dira, arratsaldeko 16.15ean erakustokian bertan. Orduan jakingo da Artisau Produktuaren Kalitate Saria eta Stand Onenarena nortzuk lortu duten.

Fitxa

Lekua: Jose Luis Caso Aretoa (Udal Azoka Zaharra).

Noiz: Gaur eta bihar.

Ordutegia: 11.00etatik 14.00etara eta 16.30etik 20.30era.

Sarrera: 2,5 euro.

Antolatzailea: Ereintza Elkartea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo