Kronika | Larreen irekiera Larraitzen
Animalia baino pertsona gehiago batu ziren euripean egin zen jaian
Maiatzaren lehena Langileen Eguna bai, Aralarko larreen irekiera eguna ere bada. Urteroko zita bilakatu da abeltzaintza eta artzaintza gustuko dituztenentzat edota, besterik gabe, jai giroan eguna pasa nahi dutenentzat. Atzokoan, gainera, Enirio-Aralar mankomunitatearen 600. urteurrena ospatzeko ekitaldi berezia egin zuten.
Maider EIZMENDI
Orain hamabi urte hasi ziren Aralarko larreen irekiera ospatzen, eta, dagoeneko, bistan denez, makina bat jenderentzat urteroko hitzordu bilakatu da. Eguraldia fresko eta umel esnatu zen atzo goizean inguruan, eta inor gutxik espero zuen halako jendetza batzea Txindoki mendiaren magaletan.
Aurreko urteetan Larraitz inguruetan auto pilaketa handiak izan dira, eta horiek eragozte aldera-edo autobus zerbitzua jarri zuten Abaltzisketatik, bertaraino euren kabuz igo nahi zuten batzuen haserrerako. Bada, Abaltzisketan sortu ziren ilarek pentsarazten zuten gutxi gorabehera eguraldiak ez zituela guzti-guztiak kikildu.
Horietako bat Bartolome Barriola. Ez zuen lizartzarrak autoz Larraitzeraino igotzeko inolako arazorik izan, jaia hasterako ia bertan baitzen. «Goizeko bederatziak eta hamarrerako hemen nintzen ni. Goiz etorri beharra dago», eman zigun aholku. Jaia egin den hamabi urte hauetan pare bat aldiz baino ez omen du hutsik egin, «hori bai, goiz pasa egin eta eguerdi parterako etxera» joaten omen da. Ikusmiran zebilen, erakusgai jarritako ganadua ikusi, mokadutxo bat egin...
Urrutiagotik, Elgoibarretik bertaratu zen, berriz, Marianjeles. Mankomunitateko urteurrena ospatzeko ekitaldia hastear zegoela-eta lekua hartzen ari zen. Larraitzen egun honetan izaten den jaia eta giroa gustuko dituela-eta hutsik egiten ez duen zita bilakatu zaio: «Egu- raldi txarra egiten duenean, arropa gehiago soinean jarri eta kito».
Eguerdi partean izan zen eguneko ekitaldi nagusia. Enirio Aralar Mankomunitateak 600 urte beteko ditu aurtengo azaroan, eta, urteurrena ospatze aldera, «Harrespila», Guillermo Olmo eskultorearen lana, inauguratu zuten. Orotara, hamasei harrik osatzen dute lana: hamabost, mankomunitatea osatzen duten Goierriko eta Tolosaldeko herri bakoitzeko bat, eta, hamaseigarrena, berriz, «Nafarroari keinu» egiteko, Nafarroako partean beste 22 herrik baitituzte lurrak Aralarren.
Aralar babesteko zina
Eskulturan bertan, lanaren eta mankomunitatearen funtsa garbiki agertzen duen bertsoa: «Hamasei herri mugatar, seiehun urte, mila malkar/ harri bakoitza besteei begira, onetsiaz alkar/ larre berri, abaro zahar ibilaldien deiadar/ herriak herri denon ondasun, izan be- di Aralar».
Ekitaldian bertan herri bakoitzeko ordezkariak jarri ziren zegokien harriaren atzean eta zin egin zuten orain arte bezala elkarlanean eta batasunean Aralarko lurrak kudeatzen eta zaintzen jarraitzeko asmoa urteen joanean.
Gipuzkoako ahaldun nagusiaren parte hartzea izan zuen ekitaldi ofizialaren ostean, larreen irekiera ofiziala egin zuten. Jendea batean eta bestean pilatu zen suziriak bota eta ganadua mendira nola abiatzen zen ikusteko. «Badirudi inoiz behirik ikusi gabekoak garela», zioen emakume batek bide bazterrean lekua egiten ari zela. Bada, suziria lehertzearekin batera hasi ziren entzuten zintzarri soinuak eta, zuzen, jada bidea ikasia balute bezala, abiatu ziren larreetara bidean. Gogortxoa izan den negua etxaldean igaro du ganaduak eta udako epelak pasako dituzte Aralarko magaletan, berriz ere udazkenean etxeratu bitartean. Abere eta abeltzainentzat mesede, baina baita la- rreentzat ere, bertan uda partea igarotzen duten animaliei esker mantentzen baitu bere oreka. Iaz, 18.000 ardi, 650 behor eta 700 behi igo zituzten Aralar inguruetara.
Larreen irekiera ofizialaz haratago, goiz pasa ikusmiran pasatzeko primerako aukera izan zen, noizean behin zipriztinen bat edo beste botatzen bazuen ere. Artzain-txakurren erakustaldia ikusten, esaterako, makina bat lagun batu ziren; baita artisau eta jakien postuen partean ere, batez ere, goizak aurrera egin eta bazkalordua iritsi zenean. «Orduan egiten da nego- ziorik handiena, jendeari gosea pizten baitzaio». Halaxe zioen Aiora Etxeberria amezketarrak. Beste hainbat gazterekin batera ari zen lanean jo eta su talo postuan, txistorra eta hirugiharra frijitzen.
Amezketar gazte taldeak ez du lehen urtea Larraitzen talo postua jartzen duela, eta herrian kultur astea ospatzen dutenean ere jardun berean aritzen dira. Bertan ateratako dirua baliatzen dute gero herrian ekitaldiak antolatzeko, baina «gastuak ordaintzeko adina diru» ateratzen dutela onartu zuen.
Itxura guztien arabera, negozio biribila dirudi taloena, inor gutxi etxeratzen baita gisa honetako jaietatik mokadutxo bat egin gabe; baina negozioa egin edo ez, barrezka argitu zuen, «taloen prezioen araberakoa izaten da». Eurek 3,5 euroan eskaintzen zituzten: «Donostiako prezioan jarriko bagenitu, beste kontu bat izango litzateke», ohartarazi zuen.
Taloak egiten non ikasi duten galdetuta, irribarretxoarekin erantzun zuten: «Etxean eta eginez ikasi dugu; lehen merkatuetara joan aurretik entseatzen aritzen ginen, gero merkatuan ondo egiteko». Aitzakia horrekin beraz, talo-jate ederrak egindakoak dira amezketar gazteak.
Bazkalordurako jende askok etxerako bidea hartu zuen, ge- hientsuenak galtza barrenak ondo lokaztuta zeramatzaten gainera. Baina jai gogoz zegoenak aukera ederra zuen goiz pasari arratsaldea erantsi eta egun pasa egitekoa, bazkalos- tean ohikoa denez, erromeria baitzegoen iragarrita.