GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Zurichen abiatu dute gazte independentistek Europako bira

p016_f02.jpg


GARA |

Gazte independentistak Europan zeharreko bira abiatu dute, Euskal Herrian gazteriak abian dituen borrokak ezagutarazteko eta Estatu espainolak eta frantsesak euren aurka egiten duten kriminalizazioa Europako gai- nerako herrialdeetako gaz- teei jakinarazteko. Horiexek dira «Herrien Europa gazte eta errebeldea» leloarekin ezagutarazi duten biraren helburuak.

Atzo izan zuten lehen geldialdia, eta Maiatzaren Lehena Zurichen ospatu zuten. Datozen egun eta asteetan berriz, Oslon, Kopenhagen, Berlinen, Helsinkin, Erroman, Milanen, Parisen, Lillen, Granadan, Belfasten, Bartzelonan eta Madrilen izango dira, besteak beste.

Europan zehar egingo duten bira honek Gazte Martxaren bezperatan Kanbon egindako nazioarteko topaketak ditu oinarri. Orduan, Europa osoko makina bat gazte eragile izan ziren Euskal Herrian, euskal gazteen lana bertatik bertara ezagutzeko.

Suitzako hainbat sindikatu eta eragilek Zurichen antolatutako manifestazioan izan ziren gazte independentisten ordezkariak, eta hamar mila lagun baino gehiagok hartu zuten parte manifestazioaren amaieran. Aliantza Iraultzaileak antolaturiko ekimen politikoan hitza hartu zuten gazte independentistek, kurduekin batera.

Gaur ere Zurichen izango dira Euskal Herriko ordezkariak, eta hitzaldia emango dute gainera. Bertan, Euskal Herriak bizi duen egoera orokorra azalduko dute, eta, bereziki, gazte mugimenduaren garapenerako eta aurrera begirako asmoak iragarriko dituzte.

Kanbotik Europara

Apirila hasieran gazte independentistek Kanbon antolatutako nazioarteko topaketetan Suedia, Irlanda, Finlan- dia, Danimarka, Gaztela, Alemania, Galizia, Italia, Suitza, Katalunia, Norvegia, Andaluzia eta Hegoafrikako gazte eragileek hartu zuten parte eztabaidetan, eta guztien artean agiri bat adostu zuten. Bertan, «bestelako Europa, posible izateaz gainera, beharrezkoa» dela defendatu eta «borrokarako hautua» egin zuten sinatzaileek.

Gazte eragileek, bakoitzak bere errealitatean, helburu bera dutela dio agiriak, «gazteen eta herrien eskubideak bermatuko dituen Europa eraikitzea» hain zuzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo