Iratxe Esnaola Informatika ingeniaria
Errenta aitorpena eta neutraltasun teknologikoa
Dezepzio baten -beste baten- berri ematen digu Iratxe Esnaolak gaurkoan. Errenta aitorpena Internet bidez egiteko aukerari helduta, hartarako behar duen programa deskargatzeko baldintza harrigarri bat bete behar duela jakin du: Microsoft Windows erabiltzea, alegia, EAEko Administrazio Publikoak hala ezarrita. Hartara, Administrazio horrek izan behar lukeen neutraltasun teknologikorik gabe, bere izaera publikoari ere uko egiten dio, Esnaolaren ustez, eta herritarron aukeratzeko askatasun teknologikoa bermatu beharrean, urratu egiten du.
Aurten ere iritsi da errenta aitorpena egiteko garaia. Eta bigarrenez, telematikoki edota Internet bitartez egitea erabaki dut. Baina aurten ere, iaz bezalaxe, dezepzio teknologiko berbera hartu behar izan dut. Errenta aitorpena egiteko, programa bat deskargatu behar da. Baina instalatzeko baldintza bat ezartzen du EAEko Administrazio Publikoak: Microsoft Windows erabiltzea. Baina zergatik onartu behar dugu Administrazio Publikoak baldintza teknologikoak ezartzea? EAEko herritar gisa errenta aitorpena egiteko betebeharra bai, baina eskubide teknologikorik ez al dugu? Non gelditzen da neutraltasun teknologikoa? Eta gure aukeratzeko askatasuna?
Teknologien munduan neutraltasuna hainbat eremutan aplika daiteke, baina «neutraltasun teknologikoa» kontzeptuak, zuzen-zuzenean Administrazio Publikoaren teknologien arloko jarrerari egiten dio erreferentzia, bi aldetatik egin ere: hornitzaileekiko eta herritarrekiko. Batean zein bestean, hornitzaileekiko duen harremanean zein herritarrei eskaintzen dizkien zerbitzu telematikoetan, Administrazio Publikoari exijitu behar zaion jarrera da neutraltasun teknologikoa: neutrala izatea, berdintasuna mantentzea. Bere publikotasun izaera benetan aplikatzea, alegia.
Hornitzaileak informatika zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresak dira. Horien eta Administrazio Publikoaren arteko lotura oso estua da, elkarrekiko duten beharra ezinbestekotasunean oinarritzen baita. Administrazio Publikoak, bere ardurapean duen kudeaketa guztia aurrera eramateko, dimentsio handiko azpiegitura eta zerbitzu informatikoak behar ditu. Teknologiak behar-beharrezkoak ditu, orain eta etorkizunean. Hornitzaileentzat, berriz, Administrazio Publikoa da dagoen bezerorik desiratu eta preziatuena, dimentsio handiko zerbitzua eskaini behar diolako eta, beraz, dimentsio handiko diru-iturria delako, orain eta etorkizunean.
Elkarrekiko menpekotasun horretatik, hornitzailearen izaeraren arabera, Administrazio Publikoaren menpekotasun teknologikoa etor daiteke. Independentzia teknologikorik eza. Eta hori da EAEko Administrazio Publikoari (eta gainontzeko gehientsuenei ere) gertatzen zaiena: Microsoft-en soka pribatuetan gatibu daudela eta, ondorioz, teknologien eremuan Administrazioen publikotasun izaera hutsaren hurrengo bilakatzeko posizioa hartu duela Microsoft-ek.
Egia da EAEko Administrazio Publikoak bere zerbitzari ia gehienetan GNU/Linux sistemarekin funtzionatzen duela. Baina ez da gauza bera gertatzen langileen ordenagailuetan eta herritarrekiko zerbitzu telematikoetan: Microsoft enpresa estatubatuarraren bezero preziatu bat gehiago da. Modu horretan, eta denboraren poderioz, Microsoft-ek EAEko Administrazio Publikoarekiko bere monopolio propioa eratu du. Eta hori frogatzeko, informatika zerbitzuen inguruko deialdiak aztertzea nahikoa da. EAEko Administrazio Publikoak, bere azpiegitura teknologikoa hornitzeko deialdiak ez baititu izaera publikoan egiten. Edozein deialdi publikok behar dituen tramite guztiak beteko dituzte, buletinean ere argitaratuko dute, baina deialdi itxia da, pribatua, Microsoft-entzat soilik baita. Sortua dagoen monopolioaren eta Administrazio Publikoak duen menpekotasun teknologikoaren ondorioa da hori.
Baina zentzurik ba al du Administrazio Publiko bat teknologikoki menpekoa izateak? Onargarria al da? Nola uler daiteke hornitzailea aldatzerik ez izatea? Zergatik onartu behar dugu deialdi sasipubliko horiek egitea? EAEko Administrazioa, beraz, eta zalantzarik gabe, ez da neutrala hornitzaileei dagokienez.
Eta hornitzailearekiko monopolio horrek, eragin zuzena du herritarroi eskaintzen zaizkigun zerbitzu telematikoetan. Administrazioak berak Microsoft-en produktuak erabiltzen dituenez, gu ere Microsoft-en produktuak erabiltzera behartzen gaitu. Jakin badakite herritarren gehiengo handi batek Microsoft Windows erabiltzen duela eta, beraz, gutxi batzuek soilik sentituko dugula gure eskubide teknologikoen urratzea. Baina hala da: Administrazioarekiko harremanetan herritarron aukeratzeko askatasun teknologikoa ez da existitzen.
Zergatik izan behar dugu Microsoft Windows gure ordenagailuan? Onargarria al da horretara derrigortuak izatea, hain zuzen, copyright lizentziapean zabaltzen denean eta ordaindu egin behar denean? Alegia, guztiontzat eskuragarri dauden doako aukera teknologikoak existitzen badira, Administrazio Publikoak ez al lituzke aintzat hartu beharko? Zer esan nahi du Administrazio Publikoa teknologikoki neutrala izateak? Berak erabaki behar al du gure ordez zein den gure ordenagailuan erabili behar dugun sistema? Non geratzen da herritarron aukeratzeko askatasun teknologikoa? Zergatik deskargatu behar dut .exe edo .doc bat Admnistrazioarekin harreman telematiko bat izan behar dudan bakoitzean? EAEko Administrazioa, beraz, eta hau ere inongo zalantzarik gabe, ez da neutrala herritarroi dagokionez ere.
Administrazio Publikoa, bere izaera publikoagatik, berdintasuna mantentzera behartuta dago. Bere ardura da, baita teknologien eremuan ere. Kontrakoa zabaltzen saiatuko diren arren, Microsoft Windows-ez gain, beste sistema batzuk ere existitzen dira. Horietako batzuk, gainera, eskuragarriak dira edozeinentzat, doakoak baitira. Horixe da software librean oinarritutako sistema eragileen kasua, Internetetik eskuratu baititzakegu. Edozein herritarren eskuetara irits daitezke. Eta, hori horrela izanik, alegia, ordaindu behar ez diren alternatibak existitzen badira, ez al da Administrazio Publikoaren ardura sistema horiek erabiltzen dituzten herritarrei ere zerbitzu telematikoa eskaintzea? Are gehiago, ez al lituzke guztiontzat eskuragarri dauden sistemak lehenetsi beharko? Ez al du, bada, neutrala izan behar? Herritar guztiok ez al ditugu eskubide berberak izan behar Administrazio Publikoaren aurrean?
Tamalez, beste eremu batzuetan gertatzen den bezalaxe, betebeharrak denonak dira baina eskubideak ez. Eskubideak baldintzekin datoz, betebeharrak ez.
Neutraltasun teknologikoaren bermea jarrera kontua da. Edota are gehiago, jarreraz gain, Administrazio Publikoaren kasuan, ardura ere bada. Eta berezkoa ez denez, ardura hori dagokion moduan betetzeko, exijitu egin behar zaion jarrera teknologikoa da neutraltasunarena. Eskatu ez, exijitu, ezinbestekoa baita.