BEREZKOAK
Sorhuet eta Etxeto dira binakakoa irabazteko faboritoak
Jon LEUNDA | BAIONA
Berezkoen Binakako Txapelketa gaur amaituko da Modernen, Baionan, 18.00etatik aurrera jokatuko den finalarekin. Bertan, Ibarrola eta Ozafrain, egungo txapeldunak, Sorhuet eta Etxetoren aurka neurtuko dira.
Final estua iragartzen da, eta badirudi dirua Sorhueten eta Etxetoren alde aterako dela. Bi biko hauek ligaxkan ere neurtu ziren, eta orduan azken hauek irabazi zuten, eta horrek faborito bihurtzen ditu. Bikote lapurtarra, gainera, finalera zuzenean sailkatu den bikoa izan da, eta hori ere kontuan hartzen da. Ibarrolak eta Ozafrainek, berriz, ez zuten aparteko arazorik izan finalerdietan aurrera egiteko, eta irabazten badute ere, ez da ezuste handia izango, txapeldunak baitira.