GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Marokoren interesek NBEren ebazpenaren sostengua dute Parisi esker

Atzo NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluak Mendebaldeko Sahararen Errefendumerako Misioaren (Minurso) agindua berritu izana espero izatekoa zen, aginduak gaur arteko indarraldia baitzuen. Hala ere, misioak ez du Saharan giza eskubideak errespeta daitezen begiratzeko ardura, Estatu frantsesak, Marokok Segurtasun Kontseiluan duen aliatu nagusiak, ez baitu zalantzarik egiten Rabateko Gobernuak giza eskubideak bermatzen dituela. NBEko enbaxadore marokoarrak hala ziurtatu zuen, Maroko, «Espainia eta beste herrialde batzuk bezala», zuzenbide estatua dela esanda. Hartara, giza eskubideen babesaz arduratzen ez den NBEren bake misio bakarra izaten jarraituko du Minursok. «Giza eskubideen aberriari» esker.

Izan ere, aste honetan bertan Nicolas Sarkozy presidente frantsesak, Madrilen, Gobernu espainolaren bide errepresiboarekin bat datorrela agertu zuenean, «Frantzia giza eskubideen aberria» dela esan zuen. Ez dago argi zer esan nahi zuen, giza eskubideak frantziarrak direla eta, beraz, besteak beste, sahararrenak ez, edota Estatu frantsesak beti ere giza eskubideak bermatzen dituela. Seguru asko bigarren hipotesia da zuzenena Sarkozyk esan nahi zuena azaltzeko; hala ere, estatu horren praktika, eta bereziki oraingo Gobernuarena, lehen hipotesiari dagokio, Estatu barruan eta kanpoan. Azken froga, atzo Estatu frantsesak behartuta NBEk Saharako gatazkari buruz onartu zuen ebazpena. Argi dagoena da Parisek bere interesen menpeko duela giza eskubideekiko errespetua.

Hain zuzen ere, Saharako gatazka konpontze aldera giza eskubideak bermatzea aurrerapauso garrantzitsua izango litzateke, baina ez da hori Marokoren apustua eta, beraz, Estatu frantsesarena ere ez. Eta horretan bezala, erreferendumaren kontuari dagokionez ere, Paris Rabaten proposamenaren aldekoa da. Autonomia erreferenduma egitearen aldekoa, alegia, aukera guztien artean independentzia ere jaso beharrean.

Lekutan da Baker plana delakoa, autodeterminazio erreferenduma proposatzen zuena. Segurtasun Kontseiluak Rabat eta Fronte Polisarioa elkarrizketa prozesuari eustera deitu bazituen ere, nabarmen geratu da, berriro ere, NBE, gatazka hau bideratzeko ezgaitasuna erakutsita. Atzoko ebazpena aurrerapausotzat barik inboluziotzat jo liteke, Marokoren jarrera zenbait estatuk ez ezik, NBEk berak ere sostengatu baitu.

Sahara beste gatazka ahaztu bat izateko arriskuan da. Eduki politikoz hustutako gatazka eta alde bakar batek sufritzen duena. Saharar herriak noizbehinka giza-laguntza jasotzen segituko du, baina laguntza hori ematen dioten herrialde asko haren beharraren kausa, gatazkaren kausa, ezkutatzen saiatzen dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo