GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com

Greba ez egiteko arrazoiak (?)

Ez dago urrezko letretan zeruan idatzita, ez da patu aldaezina. Mundua ez da zertan horrela banatu, ez dugu zertan beti irentsi, beste batzuek ez dute zertan gure kontura esne mamitan bizi

Asierrek ez du grebarik egingo. Askoz hobe izango da lanean ondo kontzentratzea, gero eta lagun gutxiago daude enpresan eta orain askoz lan gehiago dauka egiteko, kontuz ibili beharra dago Mikeli gertatutakoa ez gertatzeko, ez ote duen ospitalean amaituko. Ume bi dauzka, apenas ikusten dituenak, egunean hainbeste eta hainbeste ordu sartu ostean, soldata ere justu heltzen zaio gastu eta zorrei aurre egiteko. Azken urtean lagunak ikusi ditu enpresatik langabeziara desfilatzen. Onena, belarriak jaistea eta ez entzunarena egitea izango da, badaezpada.

Agurtzanek ez du grebarik egingo. Sindikatu guztiak berdinak dira eta, gainera, ez dizute ezer konpontzen; askoz hobea izaten da, behar izanez gero, abokatu bati ordaintzea eta listo; bestela, afiliatuz gero, litekeena da enpresako beste batzuen arazoekin kaparrada ematen ibiltzea egun osoan. Arazoak egon badaude, horretan ez dago zalantzarik, asteburuetan lagunekin horren inguruan luzaro egiten du berba. Agurtzane ez da sekula manifestazio batean egon, ez da sekula ezeren alde mugitu, ez da sekula ezer konpontzen ahalegindu, ezta inon militatzen aritu; baina normala da, praktikan, mundu honetan nork bere korapiloak askatu behar ditu eta bizimodua atera, ahal den moduan.

Sarak ez daki greba egingo duen ala ez. Lehengo egunean bere sindikatukoek greba honek zentzurik ez daukala esan zioten, baina Frantzian eta Grezian, besteak beste, greba handiak egin dituzte dagoeneko eta ez du ematen hemen askoz hobeto gaudenik. Gainera, Maiatzaren Lehenean Madrilen bere sindikatuko idazkari nagusiak estatu mailan greba orokorra egiteko aukera aipatu zuen eta Madriletik Iruñera ez dago hainbeste kilometro...

Joxeri berdin dio. Azken batean, bera langabezian dago aspalditik eta greba lanean dagoen jendearen gauza omen da. Manifestazioak egingo dira, bai, baina etxean hain gustura egoten da... Kalera irteteagatik akaso lana arinago topatuko al du, ba? Prestazioren bat jasotzen hasiko al da? Mundua horrelakoa da eta agoantatu beharra dago. Horiek guztiek ezetz esaten dute, borrokatu beharra dagoela, gauzak aldatu ahal direla, baina Joxek momentu honetan buruan daukana zera da: ea Athleticek irabazten duen.

Estik ez du grebarik egingo. Taberna bat dauka. Egunero goizeko seietan jaiki beharra du eta oso berandu arte ez da etxera heltzen. Egia da lokala, argia, laguntzen dion neskaren soldata eta horiek guztiak ordaindu ostean, gauza gutxi geratzen zaiola. Urtean hamabost egun Cadizen pasatzeko beste, hain zuzen. Baina Esti enpresaburua da edo, hori sinistu nahi du berak behintzat. Horrelaxe aurkezten dute euren burua tabernaren bat ipini duten telebistako famosillo guztiek...

Asier, Agurtzane, Sara, Joxe, Esti... Mundu honetan «suertatu» zaizuen papera onartu ahal duzue, baina ez onartzeko aukera ere badaukazue. Ez dago urrezko letretan zeruan idatzita, ez da patu aldaezina. Mundua ez da zertan horrela banatu, ez dugu zertan beti irentsi, beste batzuek ez dute zertan gure kontura esne mamitan bizi. Oraindik baduzue denbora birritan pentsatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo