Jarrai jaio zenetik 30 urte bete direla gogora ekarri dute gazte independentistek
Manex ALTUNA |
Independentziaren aldeko kamiseta gorriak soinean zituztela, agerraldia egin zuten atzo eguerdian hainbat gaztek Leioako campusean Jarrai-KAS erakundea jaio zenetik 30 urte bete direla gogora ekartzeko. Izan ere, bertan egin zuen gazte erakundeak 1979ko maiatzaren 6an bere aurkezpena gizartearen aurrean. Euskal gazteria «borrokara batzeko» eta gazteriaren «berezko arazoei erantzuteko» jaio zen orduan antolakundea.
Hiru hamarkada hauetan euskal gazteriak lorpen ugari eskuratu dituela nabarmendu zuten gazte independentistek. Hori, antolakunde ugariren lanari esker lortu dela adierazi zuten. Lortutakoaren adibide gisa aipatu zituzten «iruzurra eta inposatutako zatiketa administratiboa porrotera eramatea», gaztetxeak, intsumisioaren aldeko borroka, ikasle mugimendua eta komunikazio proiektu herritarrak.
Alde horretatik, beren hitzetan, munduan ez dira asko Euskal Herriak duen gazte antolakuntza dutenak, eta Europan zehar egiten ari diren biran ere beste herrialdeetako eragileek Euskal Herriko gazte mugimendua «indartsu egotearen eta kapitalismoaren nahietara makurtu ez izanaren garrantzia» aipatu dietela adierazi zuten.
Borroka eta ekimen horiek ordain latzak izan dituztela ere onartu zuten, eta «Y taldeen» muntaia polizialak, espetxe zigorrak, torturak, isunak, mehatxuak eta jasandako jarraipenak ekarri zituzten gogora.
«Etsaiaren ezintasuna hainbesterainokoa izan da non independentzia eta sozialismoaren aldeko antolakuntza `terrorista' izendatu behar izan duten», salatu zuten gazteek.
Donibane Garazin 5.000 gazte batzeko gai izan den mugimendua «kaletik atera» nahi dutela salatu zuten, baina horren aurrean «independentziaren alde, eredu ekonomikoa aldatu eta iruzurra gelditzeko» indarrak batzeko deia egin zuten.
Gazte mugimenduaren bilakaera irudikatzen duen esaldiarekin amaitu zuten prentsaurrekoa: «Gazteok mundu aldrebesa jaso dugu, Jarrai dezagun hori goitik behera botatzen. Haika gazte eta Segi borrokan eta antolakuntzan irabazi arte!».