Funverako langileek lana erregulatzeko espedientearen aurkako martxa hasi dute
Amaia ZURUTUZA |
Berako Funvera enpresako langileek bihar Iruñean amaituko duten martxaren lehen eguna burutu zuten atzo. Beran hasi eta Almandoz ingurura gerturatuz, 35 bat kilometro egin zituzten oinez.
Ekimen honekin, apirilaren 16an Funverako zuzendaritzak aurkeztuta Nafarroako Gobernuak onartu zuen lana erregulatzeko espedientearen aurkako jarrera irmoa azalduko dute, eta Gobernuari eskatuko diote hartutako erabakia berriz aztertzeko. Zehazki, bihar, ekimenari amaiera emanez, Berrikuntza, Enpresa eta Lan sailburuari helegitea aurkeztuko diote.
Gobernuak onartu duen espediente hori langile-batzordearekin adostu gabekoa izan da. Hala ere, enpresako langile guztiei, 147 guztira, 195 eguneko espedientea ezarri diete. 16 opor-egun ere galduko dituzte eta aparteko soldataren %15 baino ez dute kobratuko. Gainera, batzordeak salatu duenez, langileek ordutegi-malgutasun osoa izan beharko dute, enpresak esaten duenean lanera joateko. Beste aldean, neurri honekin enpresak 300.000 euro aurreztuko ditu.
Gaur Almandozetik Atarrabia ingururaino joango dira oinez, 25 bat kilometroko ibilbidean, eta bihar jada Nafarroako hiriburuan sartuko dira.