GARA > Idatzia > Kirolak > Alaves

Jaitsiera saihesteko errezetaren bila

Albacar: «Lehen ostikoa beti guk eman behar dugu»

Taldeak mailari eusteko aukerak dituela uste du berak, etxeko lehia denak irabaztea posible ikusten baitu.

p040_f01_148x108.jpg

Jon ORMAZABAL | GASTEIZ

Jakina da partidak oso desberdin ikusten direla, zelaitik edo harmailetatik begiratuz gero, eta astean zehar Javi Lopez entrenatzaileak eta Cesarrek taldea gogo betean ari zela adierazi zuten arren, Castellonen aurkako partida palkotik, gainontzekook bezala, ikusi behar izan zuen Edu Albacarrek -zigortuta zegoen-, atzo onartu zuen ohiko «txisparik» gabe ikusi zuela Alaves iragan igandean. Bizi duten egoera zailak ezartzen duen presioari egotzi zion dena atzelari kataluniarrak eta, batez ere etxeko partidetan, oldarkorragoak izan behar dutela esan zuen.

Realari otsailaren amaieran irabazi ziotenetik, babazorroak ez dira Mendizorrotzan irabazteko gai izan eta jaitsiera postuetan dauden taldeen egutegiari erreparatuta, Albacarrek mailari eusteko gai ikusten du taldea; horretarako baina, etxean Eibar, Huesca eta Alacanten aurka jokatu beharreko hiru partidak irabaztea «posible eta derrigorrezko» ikusten du.

Esplikatzeko era politikoki zuzenegia ez den arren, ezker hegalekoak argi dauka intentsitatean ez dituela inork gainditu behar. «Nik uste dut lehen minututik partida irabaztera irten behar dugula, horixe da futbola ikusteko nire era. Orain gauden bezala, ezin diogu arerioari gure zelaira sartzeko inongo aukerarik eman. Mendizorrotzara datorren orok, guztion presioa jasan behar du. Lehen gol aukera, gola ez bada, lehen ostikoa, beti guk egin behar dugu, besteek ikus dezaten asko dugula jokoan. Iruditzen zait Mendizorrotzara etorriko diren guztiek diru sari bat baino ez dutela izango. Guk askoz gehiago dugu jokoan eta horixe nabaritu behar da, norbait jo behar bada, jokoan asko dugula ikus dadin, eman egin behar diogu».

Gironan gertatu zitzaion bezala, jokatzeko era honek txartel gorriren bat ikusteko arriskua duen arren, ziur zaleek errazago barkatzen dituztela jarrera hauek igandean batzuei sumatu zitzaien utzikeria baino.

Kirol alorrari dagokionez, Alavesera heldu zenetik lehen aldiz, eta Gaizka Garitano bere lesiotik erabat osatu ostean, Javi Lopez entrenatzaileak jokalari guztiak zelairatzeko prest izango ditu, Iban Fagoaga izan ezik -taldeak haren kontratua bertan behera utzi nahi du-.

Denak prest

Gasteizera heldu zenetik lehen aldiz, Javi Lopezek jokalari guztiak -Iban Fagoaga izan ezik- zelairatzeko moduan izango ditu igandean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo