GARA > Idatzia > > Kultura

Larzabaleko hilarriak musikarekin zizelkatuko ditu Oreka Tx-ek

Harri borobilen eta heriotzaren inguruko interpretazio zentroak eskaintzen dituen materialak baliatuta, «Hil harritik harri bizira» ikuskizuna sortu eta zuzendu dute Oreka Tx-eko txalapartariek. Adierazpide artistikoak eta kirola bateratu ditu maiatzaren 15ean, arratsaldeko zazpietan Larzabaleko frontoian estreinatuko den ikusgarriak. Zizelketa, dantza eta harri-zulatzeak bat egingo dute musikarekin, Xumai Murua bertsolariak sortutako gidoiaren inguruan.

p047_f01_200x113.jpg

Idoia ERASO | BAIONA

«Harrian oinarritutako egitasmo garaikide» gisa definitu zuen Euskal Kultur Erakundeko Pantxoa Etxegoinek Larzabalen aurkeztuko den ikusgarria. Harria, urteetan eta mendeetan zehar atxikitzen duen materia naturak eta gizakiak biziarazten dutela azaldu zuen Oreka Tx taldeko Igor Otxoak. Nafarroa Behereko interpretazio zentroan dagoen ondarea biziaraziko dute artistek hainbat ikuspegi eta lan eremutatik.

«Naturan harria hila dago, kanpotik bakarrik eraldatzen dute gizakiek eta naturak. Bizia ematen diote. Euskal Herrian nola eman diogu bizia harriari? Lanaren bitartez, kirolean, arte ere bilakatu da. Adierazgarri horiek hartu eta nahastu ditugu hori egiten duten pertsonekin», azaldu zuen Oreka Tx-eko Igor Otxoak.

Taldekide duen Harkaitz Martinezekin batera, Efren Rodrigez albokaria eta Maialen Errotabehere izango dituzte bidelagun. Lapurdiko abeslariak ikuskizunaren aurkezpena eta parte hartuko duten artisten arteko lotura ere egingo du.

Piarres Erdozaintzi zizelkariak eta Janire Pandelo harri-zulatzaileak performance-aren oinarri den materiala moldatuko dute artearen zein kirolaren begiradapetik. Kukai dantza taldeko Vanesak eta Nereak arte eszenikoek eskaintzen duten mugimendua emango diete «harriei».

Arte aniztasuna hitzaren bitartez lotuko du Xumai Murua bertsolariak: «Hastapeneko ideia hari batean eman dut, hastapena eta bukaera artean parte hartuko duten guztiak hari batean lotuz».

Ildo orokorrarekin bat eginez, bertsolariak lanbide eta arte adierazpide bakoitzari buruzko testu poetiko batzuk sortu ditu. «Parte hartzaileez dudan ikusmoldea koplen bidez edo modu askeagoan adieraziko dut, harriarekiko lotura hitzen bidez erakusteko».

Testu eta kantu ezagunen moldaketak ere egin ditu Muruak, Maialen Errotabehereren ahotsean entzungo direnak. «Maialen izanen da protagonista», azaldu zuen Muruak.

Performance berritzailea izango da, harrien, eta bereziki hilarrien, Larzabalen, ondare historikoa atxikitzen duen zentroa dagoen herrian. Harriek soinu ederra dutela nabarmendu zuen txalapartariak, horrela, musika harriak biziarazteko beste moduekin uztartuz.

Historia atxikitzen duen harriak sortzen duen kezkaren nondik norakoak ere azaldu nahi izan zituzten sortzaileek, Otxoak horrela adierazi zuen: «Bukaeran gelditzen den galdera historiari lotzen zaio. Harriari bizia ematen dio herriak. Harriak iraungo du, baina herri horrek iraungo al du? Biziko al da etorkizunean?».

Eskolen parte hartzea

Estreinaldiaren aurreko egunetan egonaldi artistikoan bilduko dira parte hartzaileak, ikusgarria inprobisazioaren bitartez biribiltzeko. Larzabalgo irakaskuntza zentroek ere hartuko dute parte egitasmoan, bai eta ikusgarrian bertan ere. Manex Erdozaintzi Etxart ikastetxea, Oztibarreko ikastola eta herriko eskola publikoko ikasleei hilarrien interpretaziorako zentroa arteaz lagunduta ezagutzeko parada eskainiko zaie performance-aren lanketaren bitartez. Belloceko abadian zeuden harri ondareak biltzen ditu Larzabaleko interpretazio zentroak hain zuzen ere.

«Harriari bizia eman diezaioten eskatuko diegu ikasleei. Margoen bitartez edo harriei beste zenbait materia gehituz landuko dute harria. Era horretan, denen artean espazio eszenikoa osatuko dugu eta horrek eszenatokiaren mugarria egingo du», azaldu zuen txalapartariak.

Igor Otxoak nabarmendu zuenez, Nomadak Tx-ekin munduan zehar hainbat herrialderekin harremanak indartu eta gero, egitasmo hau Nafarroa Beherearekin elkarlana garatzeko bidea da. Euskal Kultur Erakundeko Pantxoa Etxegoinek oinarrian Larzabaleko zentroa ezagutzera eman eta aldi berean lotura sustatu nahi zutela agertu zuen. «Egitasmoaren inguruan beste ikusgarri batzuk sor daitezkeela uste dugu», esan zuen.

«Harria biziaraztea dugu xede eta harriari bizia eman diogu sinesmenari lotuz. Harria gogorra eta iraunkorra da, erraz aldatzen dena. Gure eskuetan ikasi dugu bizia ematen eta transmititzen, gure hildakoei harri bat eskaintzeraino», biribildu zituen esandakoak amaieran Xumai Murua bertsolariak.

IRAUNKORRA

«Harria biziaraztea dugu xede eta harriari bizia eman diogu sinesmenari lotuz. Harria iraunkorra da, gure eskuetan ikasi dugu bizia ematen, gure hildakoei harri bat eskaintzeraino» azaldu zuen Xumai Muruak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo