GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Sendagileak gaixoari: «¿Qué le ocurre, señora?». «buruko min galanta eta tutik ere ez dizudala ulertzen»

Osakidetzako enplegu publikoaren eskaintzan euskarari emandako tokia dela-eta, euskaraz ez dakiten sendagileek bete ditzakete euskal udalerrietako osasun etxeetako lanpostu horiek. Zalaparta sortu du horrek hainbat lekutan; esaterako, udalerri euskaldunetan.

p020_f01_31672.jpg

Gari MUJIKA

Sendagileak gaixoari: «¿Qué le ocurre, señora?. Eta honek, hari: «Buruko min galanta, eta tutik ere ez dizudala ulertzen». Txiste moduko bat izan zitekeen, baina dagoeneko horrelako egoerak hainbat euskal udalerritan izan badira, eta aurrerantzean, txiste txar hori betikotu liteke. Izan ere, Osakidetzak egindako enplegu publikoaren eskaintzan ez baitute euskara lehenetsi, ezta merezimendutzat hartu ere.

Herriko osasun etxera joan eta euskara ez dakien sendagile batekin topo egitea, zoritxarrez, Euskal Herrian aski ezaguna den egoera da. Baina, orain, egoera betikotu liteke, Osakidetzak onartutako euskalduntzeko plana ez baita beteko. Eta ez da garatuko Osakidetzako lanpostu publikoetan euskara ez dutelako baldintzen artean jarri.

«Euskaldunok bigarren mailako herritar gisa geratzen gara. Berriro ere osasun zerbitzuak erdaraz jasotzera kondenaturik gaude, Osakidetzak ez baitigu ematen zerbitzua euskaraz jasotzeko bermerik», salatu du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA), hain justu bertan partaide diren euskal udalerriak baitira eta izango baitira horrelako egoeretan kaltetuenak.

Bigarren mailako herritarrak

Guztira, 1.402 lanpostu dira Osakidetzak Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian betetzeko esleituko dituenak, eta horietako askotan ez da bermatuko euskaraz zerbitzua emateko gai diren sendagile, pediatra edota erizainak sartzea. Guzti horiek, gainera, aurretiaz euskaraz ez dakiten langileei gehituko zaizkie.

Egoera honek kezka eta haserrea sortu du hainbat udalerritan; batik bat, udalerri euskaldunetan. Eta ez da harritzekoa. Azpeitia, esaterako, Gipuzkoako herririk euskalduna izaki, biztanleen %90 inguru euskalduna da eta bertako osasun etxean, aldiz, badira hainbat sendagile ezin dutenak zerbitzua euskaraz eskaini. Eta etorkizunean, auskalo.

Baina ez dira, ez, eskuak gurutzaturik gelditu. UEMA, Osakidetzako azken enplegu publikoaren deialdiaren aurkako mozioak aurkeztuz baitabil makina bat udalerritan, eta dagoeneko hainbatean onartuak izan dira. Hala, Adunan, Anoetan, Altzon, Alegian, Amezketan, Elduain, Iruran, Orexan, Ikaztegietan, Gaztelun, Baliarrainen, Usurbilen, Aulestin, Villabonan eta Azpeitian onartuak izan dira eta datozen asteetan ere beste hainbat herritan eztabaidatuak izango dira.

Mozio horien bidez, tokian tokiko Udalak bere kezka agertzeaz gain, salaketa irmoa ere egiten du Osakidetzaren jokamoldearen aurka, «orain arte bezala, erdaldun elebakarrek tokia izango baitute anbulatorio horietan, eta horrek ez du bermatuko osasun zerbitzua euskaraz jasotzeko eskubidea».

Agintari politiko eta instituzionalei ere dei zuzen eta argia egiten diete mozioaren bidez, behingoagatik euskaldunen hizkuntz eskubideak kontuan har ditzaten. «Izan ere, euskaldunon hizkuntz eskubideak eta CCOO eta SATSE sindikatuen interesak balantzan jartzean, Osakidetzak azken horien alde egin du», salatzen dute, euskara beste hizkuntza baten menpeko ez bihurtzearren eta euskarari zor zaion lekua eman diezaioten, baita osasun etxeetan ere.

UEMAren partaide diren udalerrietan ari dira oraingoz horrelako mozioak onartzen, eta horietan euskaraz bizitzeko nahia eta premia berresten dute bertako udalek. Baita herritarrei dei argia egin ere: tokian tokiko osasun etxeetan zerbitzua euskaraz ez bazaie bermatzen erreklamazio orriak eskatu eta hizkuntz eskubideen urraketa salatzea. Izan ere, euren aburuz, «euskaldunok ez dugu zertan isilik geratu horrelako injustizia baten aurrean. Ezin gaituzte euskara baztertuta gaztelaniaz hitz egitera behartu».

Udalerri bakoitzean, gainera, mozioa eztabaidatu eta onartzeaz gain, ekimen ugari ari dira egiten. Villabonan, gaur, esaterako, UEMAren mozioa jendaurrean irakurriko dute, 19.00etan, herritarrek egoeraren berri izan dezaten. Aukeran, «¿Qué le ocurre, señora?» eta halakorik entzun behar izan ez dezaten.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo