Hizkuntza «negligentea» eta «intelektualagoa» saridun
Joseba Gabilondoren «Apokalipsia guztioi erakutsia» lanak jaso du Erein narratiba saria eta Xabier Altuberen «Ihes-lerroak»ek Donostia Opera-Prima saria. Literatura «ofizialetik» ihes egiten saiatu dira biak, hizkuntza «negligentea» eta «intelektualagoa» erabiliz.
Ane ARRUTI | DONOSTIA
«Literatura politikoagoa eta intelektualagoa egiteko beharra dauka euskal literaturak eta horretan, agian, diasporan bizi garenok hasi beharko genuke», azaldu zuen Joseba Gabilondok webcam bidez Michigan eta Donostia lotu zituen bideo-konferentzian. Izan ere, badira hogei urte inguru urretxuar hau AEBetara joan zela, eta handik idatzi du Erein narratiba saria eman dion «Apokalipsia guztioi erakutsia». Neolitoan hasi eta 2050. urtean amaitzen den ipuin bilduma honek Euskal Herriaren historia nahiko berezia kontatzen du, sexua, pasioa eta politika nahasten dituena. Euskal Herriaren sorrera akzidental batetik hasi eta «inork espero ez duen moduan» independentzia lortzerainoko bidean, Xabier Arzallus, Angelina Jolie, Guggenheim, banpiroak edo lamiak agertuko dira, baita Patxi Lopezen agintaldiaren amaiera ere.
«Euskal independentziaren historia genero literario bihurtu nahi dut», aldarrikatu zuen eta «euskal literaturan dagoen joera purista kaltegarria» kritikatu zuen. Horrexegatik, idazkera «zeharo ezberdina» erabili du. Batetik, «negartia eta sentibera izateari utzi, eta sexua eta pasioa sartu ditut», esan zuen. Bestetik, jana diskurtso literario moduan sartzen saiatu omen da, «orain arte idatzi dena oso anorexikoa izan da». Bestalde, euskara «zikinagoa, sasikoagoa, `euskara amerikarra'» erabili du.
«Guztiok gara `negligente'»
«Bazterreko eremu emankor horretara ihes egiten dugu», aitortu zuen Xabier Altube gasteiztarrak. Gabriel Aresti saria irabazi zuen 2006an eta beretzat izan da aurtengo Donostia, Opera-Prima saria, «Ihes-lerroak» eleberriagatik. Hiru pertsonaiaz osatutako maitasun istorio bat da eta elkarrengana iristeko egiten duen mugimendu horrek definitzen du eleberria.
Bidaia-eleberri gisa definitu zuen Altubek istorioa, «itzulerarik gabeko bidaia, erdigunetik bazterrera egindakoa». Horretarako, hizkuntza «negligentea» erabili duela azaldu zuen, «literatura ofizial horretatik ihesi». «Guztiok daukagu abiapuntutik desbideratze bat. Literaturak desbideratze hori zuzendu lezake edo desbideratzea bera kontatu. Nire istorioa bigarren multzo horretan kokatuko nuke», gaineratu zuen.
Tituluari dagokionez, Altuberen esanetan, «idazlea ez da idazle idatzi aurretik, ezta idatzi ondoren ere. Idazlea idazle da tarteko mugan, idazketaren unean. Lerroak ihes egiten dion une horretan. Horregatik `ihes-lerroak'».