GARA > Idatzia > > Kultura

Dilin-Dalanekin haurrentzako herri magikoa bilakatuko da Heleta


Idoia ERASO | HELETA

Dilin-Dalan haur jaialdia laugarren urtez ospatuko da aurten. Denborarekin indarra hartuz joan da eta horrekin batera baita magia ere. Maiatzaren 16an eta 17an ospatuko da Heletan, eta egun horietan erdigunean autoei ateak itxi eta haurren unibertso magikoari irekiko dizkio. Adin ezberdinentzako ikusgarriekin batera, janaria eskainiko duten tipiekin, zortzi metroko jirafekin eta gazteek bere energia askatzeko gaztelu puzgarriekin jantziko da herria.

Txiki eta handien arteko ibilbidea aurkeztu eta munduko herrien ezagutza sustatuko du. Aurtengo gaiaren inguruan hainbat ekimen antolatu dira. Alde batetik, haurtzaindegi eta eskoletako haurrei munduko maskarak egin ditzaten eskatu zaie eta herria jantziko dute jaialdian. Dilin-Dalaneko tailer ezberdinetan ere kultura ezberdinetako adierazpideak sustatuko dira eta janari exotikoak dastatzeko aukera ere izango da, Senegaleko gastronomiatik Guayanako gozoetara. Egindako lanagatik etnologia sari bat ere irabazi du jaialdiak.

Amateurrak

Programa egiteko garaian kalitatearen garrantzia nabarmendu dute programatzaileek. Profesionalek eta amateurrek sortutako ikusgarriak eskainiko badira ere, haurrekin lanean aritzen diren pertsonen eskutik heldu dira gozamenerako helburu argiarekin.

Amateurrek eskainiko dituztenen artean erdiz erdi antzerkia eta ipuin kontaketa den «Kamishibaia» arte japoniarra izango da Pestacles et Compagniaren eskutik. Bi ipuin ezagutzeko aukera izango da horrela, bai euskaraz, baita frantsesez ere.

Haurrekin lan egiten duten hiru musikari ere ibiliko dira Heletan zehar ilarak eta bazkariak arintzen «elektroi aske» baten moduan musika irlandarra txaranga baten maneran eskainiz. Angeluko Au fil du théâtre konpainiak bi urtetik gorako haurrentzat «Zure txanda Malu!» antzezlana aurkeztuko du euskaraz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo