Amagoia Mujika kazetaria
Lehen eguna desberdinagoa espero nuen
Desberdinago esnatzea espero nuen. Beldur pixka bat banuen, baina, aldi berean, irrika berezia sentitzen nuen hemen, sabelean. «Garai berri bat hastera doa, kaleetan, erakundeetan, etxeetan... ilusioa da nagusi eta hori izugarri igartzen da», entzun nion bezperan aurrerantzean Gasteizko Gobernu berriko kide izango den bati (izena oraindik ez dut ikasi). Hain barrutik esan zuen, ni ere konbentzitu egin ninduela.
Ni ere kale horietakoa, erakunde horietakoa eta etxe horietakoa naizenez, bada, garai berri horretako lehen eguna zirraragarria espero nuen. Ohetik altxatzerako hanketako eta eskuetako hatzak bitan kontatu ditut, aldaketaren bat topatu beharrarekin obsesionatuta. Eta ezer ez. Ispiluan ohi baino denbora gehiago eman dut; begietako distira akaso... ez, hori xanpua sartu zaidalako da. Badakit! Seguru aurrerantzean, garai berri honetan, ez dudala lentillarik behar. Inuzentea zer naizen. Lerdokeriak utzi eta amore eman dut. Gaurkoa, atzokoa bezalakoxea izango da eta kito.
Lanera joan aurretik etxe pareko botikara joan naiz. Ez da txerri-gripea, tirita batzuk baino ez nituen behar. Botikaria sinpatikoa da. Hori bai, beti eta beti «buenos dias» eta «hasta luego». Badira ba «egun on» eta «gero arte» esateagatik mutazio bitxiren bat sufrituko dutela pentsatzen dutenak? Horietakoa da. Ni saiatzen naiz despistatzen, ea noizbait nahi gabe-edo «agur» txiki bat lapurtzen diodan. Bion arteko gerra isila da.
Gaur, ordea, inoiz baino indartsuagoa atera zaio «buenos dias» hori. Eta «hasta luego»a, apoteosikoa. Orduan ulertu dut aldaketa etorri dela; beste hark aipatzen zituen «kaleak, etxeak eta erakundeak» ez direla nireak, seguruago direla botikariarenak. Baina Patxi Lopezi gustatu edo ez, ni hemengoa naiz.