Sei lesakarren aurkako inputazioa salatuko dute talde eta udal ugarik
GARA |
«Politikaren judizializaziorik ez, konponbidea orain!» le- loak Lesakako hainbat talde eta Bortzirietako udalerriak batu ditu. Izan ere, Guardia Zibilak sei lesakar inputatu ditu joan den urteko sanferminetako Lesakako txosnak direla-eta Auzitegi Nazionaleko 3. epaitegiak abiarazitako ikerketa batean. Oraindik ez dago argi zer leporatzen dieten auzokide hauei, baina erantzun anitza emango zaio aferari.
Hala, elkarretaratze ixila deitu dute ostiralerako, Lesakako plazan, 20.00etan hasita, aipatu leloarekin. Bertan EAk, Onin taldeak eta ezker abertzaleak parte hartuko dute, eta Bortzirietako gainerako udalerriek ere bat egin dute protestarekin.
Hauen artean adostu den agiriak dioenez, «mota honetako gertaerak ez dira berriak Lesakan, azken urte honetan batez ere: tortura kasuak, dispertsioa, ilegalizazioak, egunak joan eta egunak etorri kontrol polizial iraunkorrak... Gertaera guzti hauek herritarren eskubideak urratzen dituzte eta lesakar aunitzen oraina eta etorkizuna baldintzatzen dituzte. Are gehiago, larriki eragozten dute gure herriko bizikidetza eta normaltasuna».
«Orain inoiz baino garrantzitsuagoa eta beharrezkoagoa da arduraz jokatzea -dio agiriak-. Eragile politiko, sindikal, kultural, sozial... nahiz norbanakoen eginbeharra da gure herrira justizia eta demokrazia ekarriko duen konponbide demokratiko baten alde egitea».