GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Euskal Herria berariazko herritzat hartua izan dadin eskatuko dio Autonomia Eraiki-k NBEri

p017_f03_88x72.jpg

GARA |

Bigarren aldiz Euskal Herriaren ahotsa eramango du Autonomia Eraiki taldeak Nazio Batuetako Ekonomia eta Gizarte Kontseiluaren baitan sortutako herri autoktonoei buruzko batzorde iraunkorrera (UNPFII).

Maiatzaren 18tik 29ra, New Yorken izango den eztabaidan, lau mintzaldi egitea aurreikusi du bertaratuko den ordezkaritzak. Jokin Irungarai, Maylis Iriart, Audrey Hoc Terexa Mitxelena eta Xan Margiraultek osatuko dute aipatu ordezkaritza. Hego Euskal Herriko Garabide elkarteko bi kide -Jon Sarasua eta Urko Kolomo- izango dituzte bidelagun.

Euskal Herrian pairatzen den aparteko egoera, salbuespeneko legeetan oinarrituta gertatzen diren atxiloketa eta ekimen judizialak edota euskararen egoera larria ezagutaraztea dute xede.

Paris interpelatu

Halere, Estatu frantsesari begirako interpelazioa izango da nagusia. Iaz bezala, Parisek onartu eta sinatutako hitzarmenak ez dituela betetzen salatuko dute. Horren erakusgarri, 2007ko irailaren 13an NBEko Batzar Nagusiak adostutako adierazpena bere egin bazuen ere, Estatuak ez duela «hartutako engaiamendua betetzeko inolako urratsik egin» uste du Autonomia Eraikik.

Pariseko ordezkaritzak kontrakoa dioen arren, Gabi Mouescaren esanetan, urrats horiek Polinesia edo Kanaki herriei dagozkie: «Gobernuak ez ditu aintzakotzat hartzen `Hexagono'aren barnean dituen jatorrizko herriak, Ipar Euskal Herria kasu eta, horrenbestez, ez dizkio berariazko eskubideak aitortzen. Hori dela eta, bere kontraesanak azaleratuko ditugu, gure ustean, NBEk fin- katutako definizioaren baitan baitago Ipar Euskal Herria».

Iaz hasitako bidetik, aurtengoan ere hainbat herrialdetako ordezkariekin trukea egiteko baliatuko dute egonaldia.

2008ko saioan, Parisi igorritako mezuaz gain, eskakizun berezia egin zioten NBEko Batzarrari: Mendebaldeko Europako Sorterrietako aditua izenda zezala, izan ere, eremu hori da ordezkaririk ez duen bakarra.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo