«Kapitalismoa eta osasuna elementu kontrajarriak dira»
Estresa, hipertentsio arteriala, gihar eta hezurretako gaixotasunak, lo egiteko arazoak, antsietatea... Guztiak osasun arazoak, edo osasun gabeziak. Horiek eta gehiago dira gaur egungo lan munduak langileengan eragiten dituenak. Eta krisiaren kontura, areagotuko direnak, itxura denez. Lana ez da neutrala eta «osasuna edo gaixotasunak» dakartza.
Amaia ZURUTUZA
Maiz esaten da pertsonen osasuna haien ohitura pertsonal, nahiz herentzia genetikoaren araberakoa dela. Argider Rodrigezek, LABeko Gipuzkoako Lan Osasuneko arduradunak, ordea, gizartearen gehiengoak biologiak onartzen duena baino osasun kaskarragoa duela baieztatu zuen asteazkenean Donostian «Osasuna, lan osasuna eta krisia» izenburupean egindako hitzaldian.
1948. urtean Osasunerako Mundu Erakundeak osasuna ongizatea dela definitu zuen, ongizate fisiko, psikiko eta soziala. Ongizate soziala zehazki, bizitza soziala arazorik gabe egin ahal izateko gaitasunean edo aukeran oinarritzen da.
Zentzu honetan, Rodrigezek azaldu zuen osasuna klase sozialari lotuta dagoela, eta, oro har, txiroak aberatsak baino maizago gaixotu eta lehenago hiltzen direla. Izan ere, pertsonek euren klase sozialaren arabera aukera ezberdinak dituzte osasunari dagokionez. Besteak beste, klase sozial txiroenek arazoak dituzte elikatzeko, arrisku handiagoko lanak dituzte eta ez dute etxebizitza duinik.
Bada, pertsonaren osasunean eragiten duen faktorerik garrantzitsuena pertsonaren ingurua dela argitu zuen, tartean lan arloari loturiko ingurua. Lana funtsezkoa baita pertsonarengan eta «ezberdintasun sozialak eta osasuna» zehazten ditu, Rodrigezen hitzetan: «Lanak ondorioak dakartza beti, osasuna edo gaixotasunak sortzen ditu». Alde horretatik, adierazi zuen azken urteetan langileen eskubideei dagokienez eman den atzerapenak, eta oro har, enpleguaren prekarizazioak, eragin zuzena duela osasunean. Are eta gehiago, «prekarietatea eta osasuna elementu kontrajarriak dira», esan zuen.
Lan baldintzen ondorioak ezagunak dira Euskal Herrian. Urtero lan istripuen ondorioz, 100 langiletik gora hiltzen da gure herrian, eta lanarekin erlazionaturiko gaixotasunengatik 1.000tik gora hiltzen dira.
Gure herriaz haratago, Europan 300.000 langile hiltzen direla eman zuen jakitera, 27.000 lan istripuz. Sindikatu askok salatu ohi dutena hizpide hartuta, «beste arrazoi batzuengatik hainbeste hildako egongo balira, agintarien agendetan lehen postuan egongo lirateke», esan eta zera gehitu zuen, «baina kasu honetan beste aldera begiratu eta gainera laguntza ematen diote patronatuari».
Krisiarekin okerrago
Urte luzeak daramatzate sindikatuek lan baldintza kaskarrak salatzen. Egun, krisi ekonomikoarekin gainera, Rodrigezek esan zuen sektore ekonomiko eta patronalak krisia langileok ordain dezaten nahi dutela.
Eta horretan dabiltza hartu dituzten hamaika neurri eta erabakirekin. Langileek etorkizunari begira duten ziurgabetasuna handitu da, baita jasaten duten presioa ere; lan baldintzak okertu egin dira, langabeziak gora egin du; emakume, langile ez kualifikatu eta etorkinen bazterketa soziala handitu da; eta aldi baterako lana ere ugaritu egin da.
Enpresaburuek hartutako beste erabaki askok ere langileen egoera kaskartzen jarraitzen dute. Prebentzio baliabideak murriztu dituzte, baita osasun nahiz segurtasuna hobetzeko garrantzitsuak diren inbertsioak ere. Administrazio publikoen utzikeriaren areagotzea ere aipatu zuen Rodrigezek.
Bada, egun lan munduaren errealitateak langileen osasunean eragin eta, zehatzago, hauek gaixotzen ditu. Bihotzeko eta biriketako gaixotasunak, estresa, gihar eta hezurretako gaitzak, depresioa, antsietatea, hipertentsio arteriala, lo arazoak, diabetesa, ezagutza arazoak... Langabezia nahiz prekarietatea garesti dira oso langileentzat.
Rodrigezek LABek osasun eta bizitzaren defentsan borrokan jarraituko duela berretsi zuen, eredu ekonomiko berri bat aldarrikatuz. «Argi gelditu baita kapitalismoa eta osasuna elementu kontrajarriak direla», esan zuen.