Tamaina handiko bi eskultura sortu ditu Barcelok Eibarren
Miquel Barcelo eskultore mallorcarrak zortzi metro inguruko bi elefante diseinatu zituen eta, diseinu lanak egin ostean, Eibarko Alfa Arte lantegiak berregin ditu brontzearekin. Teknologia berriak eta garabi bereziak erabili behar izan dituzte bi «animaliak» maneiatzeko.
Ariane KAMIO | EIBAR
Miquel Barcelok egin zuen oinarria eta Alfa Arte tailerrak amaitu zuen berak hasitako lana. Zortzi metroko bi elefante sortu zituen Kataluniako eskultoreak eta brontzean berreraiki ditu Eibarko lantegiak. Lanak burutzeko bi erronka nagusiri aurre egin behar izan diete arduradunek; zortzi metroko pieza maneiatzeko gaitasuna izatea eta teknologia berrietan inbertitzea. Jesus Rodriguez Merkataritza zuzendariak agertu zuenez, «gako teknologikoa hiru dimentsiotako digitalizazio sistema erabili ahal izatea izan da». Barcelok lau metroko elefante bat bidali zien, eta hauek zortzi metrotan berregin dute. «Lau edo bost hilabetetako lana bi egunetan egin genuen zenbaki-kontroleko makinarekin, eta hortik sortu genuen oinarrizko eredua, poliespanarekin egina», azaldu zuen.
Lehenengo emaitza hura ikusita, bere obra «birplanteatu» zuen Barcelok. Elefanteak -biak emeak direla nabarmendu zuten Alfa Arteko arduradunek- ez ziren berdinak eta hankak, isatsa, tronpa eta hamaika gauzatan aldaketak egin zituen, baita inprobisazio lanak ere. Ideiak argitu zituenean soilik hasi zen animaliak manipulatzen. Eta berak bakarrik egin zuen lan hura: «Elefanteak berarenak bakarrik ziren. Ez zituen inork ukitzen. Lan taldeak materiala -eskaiola, zakuak, oihal metalikoa- bakarrik prestatzen zizkion, gainerakoa berak egiten zuen». Material horiek bere eskuekin moldatu zituen lehenengo eta mugimendu sendoak sortu. Ondoren, eskaiolazko geruza bat ezarri zion gainean, gogortzeko.
Azkarra eta segurua
Rodriguezek eskultoreak lan egiteko orduan erakutsitako «azkartasuna eta segurtasuna» nabarmendu zituen. «Barcelo lanean ikustea sekulako ikuskizuna da, maiteminduta uzten zaituzten horietakoa. Oso argi dauka zer nahi duen», esan zuen.
Brontzean egin aurretik, eskultoreak amaitutako lana hainbat zatitan banatu, eta silikonaz estali zuten «berak egindakoa berdin-berdin kopiatuta gera zedin, baita hark utzitako azken zuloa ere». Silikonazko moldea beirazko zuntzarekin eta poliesterrarekin gogortu zuten eta, azkenik, urtutako argizariz estali zuten, azken hau brontzearekin batera urtzeko. Behin brontzezko piezak sortuta, zatiak soldatu zituzten.
Oraingoz, elefante bakarra dago amaituta eta bigarrenari azken ukituak ematen ari zaizkie. Bi piezekin lan egin ahal izateko, erresistentzia handiko garabiak erabili behar izan dituzte, eta haietako bati sistema hidrauliko bat ezarri diote, Barcelok hala nahi badu, elefanteak pixa egin dezan.