Bere burua «zuhaiztu» du Josetxo Azkonak «Arbola naiz, eta zuhaitza» poema liburuan
A. A. | DONOSTIA
«Zuhaitza goraka doa argiaren aldera. Hostoak baliatzen ditu eguzkiaren energia bereganatzeko eta, aldi berean, badoa lur barrenerantz ere, ilunaren aldera, lurrarekin berarekin nahastuz eta lurra bera, sustraien bitartez, bere egiteko asmoz». Modu honetan azaldu zuen Josetxo Azkonak beretzat zuhaitzak duen bizitzaren esanahi metaforikoa. «Arbola naiz, eta zuhaitza» (Alberdania) poema liburua argitaratu berri du idazle iruindarrak. Bere laugarren lan honetan eduki eta molde ezberdineko 82 poema bildu ditu. Badira hiru lerrokoak edo 30ekoak, eta badira poema lirikoak edo harri narratibo bati jarraitzen diotenak ere.