Ekonomia-datu errealak aurreikuspenik txarrena baino kaskarragoak dira behin eta berriro
Gauza jakina da mundua ekonomia-krisi larrian dagoela, nahiz eta Europako ekonomia-agintariek AEBetan finantza burbuilak eztanda egin zuenean behin eta berriz esan ez zegoela krisia Europara iristeko arriskurik. Lehenengo datu txarrek aurreikuspen oker hura gezurtatu zutenean, lasaitasun hitzak zabaldu zituzten, Europako mendebaldeko ekonomien sendotasunak arazo handirik gabe eutsiko omen zion-eta krisialdiari. Ondoren, berriz, larriena igaroa zela... Atzoko datu errealek, aurreko guztiek bezala, azken aurreikuspena ere gezurtatu zuten. Urteko lehen hiruhilekoan Europar Batasuneko barne produktu gordinak %2,5 egin du behera. Atzo jakinarazitako datuen arabera, Europar Batasuneko motore nagusiak, Alemaniak, BPGaren %3,8ko jaitsiera izan du lehen hiruhilekoan eta Bigarren Mundu Gerratik egoera ekonomikorik larrienean dago; Estatu frantsesak ere BPGaren jaitsiera izan du eta atzeraldian sartu da. Hala eta guztiz ere, behin eta berriz aurreikuspen okerrak egiten dituzten berberek espero zutela esan zuten, eta berriro ikusi omen dituzte ekonomiaren susperraldia iragartzen duten zantzuak. Zalantzarik gabe, noizbait asmatuko dute.