Top 14
Biarritzek eskuetan dauka Heineken Koparako txartela
Avironek ere badauka lehen aldiz Europako lehiaketarik garrantzitsuenean aritzeko aukera, baina horretarako irabazi egin behar du, eta gero, itxaron.
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Amaitzear da Top 14a, gaurkoarekin akabo denboraldia Biarritzentzat eta Avironentzat, baina azkeneko jardunaldi honetan bi taldeek norgehiagoka garrantzitsuak dituzte, lehen aldiz bi talde euskaldun Heineken Kopan izateko aukerak baitaude.
Hala ere, aukera hori ez da erraza. Biarritzek bai, dena bere esku dauka. Garaipena lortzen baldin badu edo berdintzen badu, datorren urtean ere Europako lehiaketarik garrantzitsuenean izango da. Galduta ere, aukera asko izango lituzke, nahiz eta Briveren eta Avironen emaitzei begiratu beharko dien.
Baionako taldeak askoz ere okerrago ditu gauzak. Hasteko, gaur irabazi egin behar du, eta ahal badu puntu gehigarria lortu. Irabaziz gero, eta Brivek ez badu gauza bera egiten, sailkatu egingo dira, seigarren postua eskuratuko baitute. Brive garaile izaten bada, berriz, Avironek garaipena lortzeaz gain puntu gehigarria ere lortu beharko luke, eta horrez gain, Biarritzek galdu, bestela ez bailuke ezertarako aukerarik izango.
Dena dela, eta gertatzen dena gertatuta, bi taldeen azterketa egitean, oso ezberdina izango da. Zuri-urdinek sekulako denboraldia egin dute eta hori onartzea besterik ez da geratuko, nahiz eta azkenean Heineken Koparako txartelik lortzen ez badute, pena handia izango den, ia denboraldi osoa eman baitute lehen sei postuetan. Biarritzek, berriz, sasoi kaskarra egin du, nahiz eta azkenaldi honetan zertxobait konpondu duen.
Heineken Kopan eta Ligan finalerdiak jokatzeko helburuarekin abiatu zen, baina Europatik at oso azkar geratu zen, eta finalerdietan sartzeko aukerarik ere ez du. Beraz, Heinekenen sartzea da geratzen zaion aukera bakarra. Postu horietatik kanpo ere luzaroan egon dira, baina amaiera alde honetan bidea zuzendu dute, eta badirudi lortuko dutela azkeneko helburua. Partidei dagokienez ere, Biarritzek Avironek baino samurragoa izango du. Zuri-gorriek Montauban hartuko dute. Frantziarrak zortzigarren postuan daude eta ez dute ezer izango jokoan. Beraz, Biarritzeko taldeak ezin du aukera hori alferrik galdu.
Lapurtarren entrenatzaileak eman du jadanik hamabostekoa ezagutzera, eta honako hau da: Barcello, August, Jhonstone, Thion, Hall, Vahafolau, Harinordoki, Cronje, Yachvili, Traille, Bolakoro, Tranier, Cabannes, Ngwenya, Brusque, Noirot, Coetzee, Carizza, Lund, Cibray, Bidabe, eta Hugue. Norgehiagoka 16.30ean hasiko da Agilera estadioan.
Ordu berean, Jean Dauguerren, Avironek Stade Françaisen aurka jokatuko du. Parisekoek ere ez dute ezer jokoan, finalerdiak jokatzeko txartela lortua baitute. Iragan astean etxean galdu egin zuten Biarritzekin, baina Baionan ez dira fio talde handi honekin.
Avironek ez du ezagutzera eman hamabostekoa, baina deialdia hauek osatzen dute: Igiñiz, Lafond, Cortese, Roumieu, Blake, Avril, Linde, Springgay, Tewhata, Bernad, Puricelli, Hare, Baget, Martin, Garcia, Lopez, Edmonds, Gower, Gerber, Iñigo, Bolavucu, Peyras, Elhorga, Fall eta Leguin.
Bestetik, SIR Ligan, Korsarioak taldeak Sevilla hartuko du Anoetako estadio txikian, 19.30etik aurrera. Talde euskaldunak lehen postua lortzeko aukera bikaina izango du. Orain arte itxura ona eman du, eta aurrean ustez mailako talderik apalenetakoa izango du. Kezka nagusietako bat jendearen erantzuna izango da, handik metro gutxira jokatzen baitu Realak bere partida.
SIR Ligan ari den talde euskaldun bakarrak Sevilla hartuko du gaur Donostian, Anoetako estadio txikian, 19.30etik aurrera. Gipuzkoarrek sailkapenaren buruan jartzeko aukera dute, andaluziarra Ligako talderik apalenetakoa baita.