GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Aizkora

Beteranoak dira faborito Urrezko Aizkoran

J.L. | DONOSTIA

Urrezko Aizkoran gaur eta bihar jokatuko dira final-laurdenetako lau kanporaketak, eta ondoren jakin ahal izango da finalerdietan zein aizkolari izango diren.

Gaur bertan bi saio izango dira, eta biak, gainera, Zeanurin izango dira 20.00etatik aurrera. Alde batetik, Arrospide eta Atutxa II.a neurtuko dira, eta bestetik berriz, Mindegia eta Lopez izango dira aurrez aurre.

Lehenengoan, Arrospide aterako da faborito garbi. Zaleek itxaropen handia dute Atutxarekin, baina bizkaitar gaztea oraindik ez da gipuzkoarraren mailara heldu.

Lan hauek, gainera, oso aproposak dira Arrospiderentzat, eta tartean, gainera zutikako enbor bat egonda, ezuste handia izango litzateke gaur Atutxak irabaztea. Bigarrenean, gauzak estuago agertzen dira, baina hor ere beteranoa agertzen da faborito.

Lopez lan handiak egiten ari da, maila onean ere bai, baina zutikakoetan oraindik huts egiten du, eta hortxe egon daiteke gakoetako bat. Jaialdia 20.00etatik aurrera jokatuko da.

Beste bi kanporaketak bihar jokatuko dira Urduñan 12.30etik aurrera. Alde batetik, Nazabal eta Azurmendi neurtuko dira, eta bestetik, berriz, Arria V.a eta Larretxea.

Lehen kanporaketan Nazabal aterako da faborito. Etxarrikoa da txapela irabazteko ere faborito nagusi, eta gaur ere horrela aterako da. Bigarrenean ere nafarra da faborito. Larretxeari irabazteko lan handia egin behar baita. Hor ere zutikako lana badago, eta azkeneko emaitzei begiratuta, hor galdu izan du errezildarrak.

23 urtetik beherakoetan ere bihar bi saio izango dira, eta biak Mutrikun, Olatz auzoan, 13.00etan hasita. Rodriguez II.a Erasunen aurka neurtuko da, eta Kañamares III.a Saralegiren aurka.

Trontza

Trontzan, Gipuzkoako finala jokatuko da bihar Alkizan 12.00etatik aurrera. Bertan, Esnaola anaiak, Garmendia-Iraola, Agirregabiria-Salegi eta Rezabal-Roteta neurtuko dira. Bikote bakoitzak, kana-erdiko enbor bati 12 epai etzanda eta sei zutik eman beharko dizkio.

Esnaola anaiak dira txapela lortzeko faborito nagusiak, eta gaurkoan ere hori lortuko ez balute, ezuste handi samarra izango litzateke.

Leku berean, Gipuzkoako txinga txapelketa ere jokatuko da, eta bertan, Agirregabiria, Alberdi, Urresti eta Zubiaurre neurtuko dira. Kirolari bakoitzak 50 kiloko txingak erabiliko ditu esku bakoitzean, eta metrorik gehien egiten duenak eramango du txapela.

Harri-zulatzean, jadanik hasita dago Euskal Herriko Liga, eta bihar Ortuellan jokatuko da bigarren jardunaldia. Bertan, Txoriherri, Gallarta, Burdin Gazteak, Kabiezes, Trapagaran, Errekatxo eta KZ Kolpeka neurtuko dira. Azkeneko talde hau soilik emakumez osatua dago, eta lehen saioan lan bikaina egin zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo